Festa giroan hasi eta amaitu genuen abuztua. Hasi, Urdaiagako Xanistebanekin. Estreinakoz izandako herritarren arteko kirol desafioa, auzotarren arteko jolasak, Orbeldikoen emanaldia, bertso saioa, kontzertu gauak... eta gehiago izan ziren, San Esteban eliza aurreko plazatxoan hiru egunez. Abuztu amaieran, Atxegaldek hartu zuen festen lekukoa, haurrei zuzenduriko ekintza, bertso musikatuen saio, kontzertu gau, afari musikatu edota toka txapelketarekin.
Tartean izan zen, ordea, bestelako ospakizunik ere. Lau hamarkadako ohitura berritu zuen Baba Beltz Txikiaren Kofradiak Saizar sagardotegian eginiko otorduan. Urteroko tradizioa bete eta kofradekide berri bat izendatu zuten; Koldo Lizaso, aurtengoan.
Udalbatzaren erabakiak
Uztaila amaieran eginiko osoko bilkuran udalbatzak hartutako hainbat erabakiren berri ere eman genuen abuztuan. Astelehen honetan, taxi zerbitzua hobetzeko indarrean jarritako erregimen bereziko eremua sortzeko eskaerarekin bat egin zuen udalbatzak. Txokoaldeko zubia birgaitzeko urrats berria ere eman zuen. Orbeldiko presa eta indarretxea deskatalogatzea ere behin betiko onartu zuten. Horrez gain, Oiardo kiroldegiko bi zerbitzu kontratatzeko lizitazioari ekin zioten. Udal gobernu taldetik berri eman zutenez, gainera, Legealdi Planeko neurrien %23 beteta eta %31 martxan zeuden, 2023-27 legealdiko lehen urtea igaro ostean.
Abuztu hasiera hartan, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunea eta N634 errepidea lotzen zuten igogailuak martxan jarri zituzten, baita errepide horretako autobus geltoki berriak ere. Egun haietan, Zubietako erraustegi ondotik igarotzen den Arkaitzerrekan "beste isurketa larria" izan zela salatu zuen GuraSOSek.
Mendizale gaztearen heriotza
Kirol hitzorduen atalean, 2024-25 denboraldi hau girotzen hasteko etxekoen, Zarautz eta Erromoko eskubaloi taldeen arteko "triangeluarra" antolatu zuen Usurbil K.E.-k Oiardo kiroldegian. Albiste triste bat ere izan genuen hilabete amaieran; Usurbilen bizi izandako gazte bat zendu zen Mont Blanc mendian. Berarekin zegoen beste mendizale gazte bat ere zendu zen.
Sorkuntzari lotutako albiste bat ere izan genuen; Donostiako Euskal Jaiak iragartzeko Joseba Larratxek sortutako kartela hautatu zuten.
2024ko abuztuko argitalpenak
Udako oporraldia tarteko, abuztuan ez genuen astekaririk argitaratu.