2024ari gainbegiratua

Iraila, itzulera, ospakizun eta aldaketen hilabetea

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 30a, 18:30

Udako oporraldi osteko iraila, aldaketa, ospakizun eta itzuleren hilabetea izan zen. Hilabete hartan izan genituen albiste nagusien gainbegiratua duzue lerrootan.

Udako etenaldiaren eta oporren ondotik, ikasleak ikasgelera itzuli eta hainbat dinamika itzuli ziren herri bizitzara; ikastaro eskaintza zabala edota Kantu Taldekoen kantu-jira, esaterako. Kulturguneak asteburu girotu batekin ekin zion sasoi berriari, bazkari, batzar, bakarrizketa saio edota urtebete lehenagoko "Xumetik" herri jaialdiko bideo emanaldiarekin.

Astearteroko ibilaldi osasuntsuen "Usurbil, goazen kalera" dinamika berrabiarazi zuten baita. 61. Enrike Abril errebote txapelketa ere abiatu zen irailean sartzearekin batera. Zubietak etxean jokatu zuen estreinako neurketa.

Izan zen, ordea, itzuli ez zen ekimenik ere. Baxurde Txiki Usurbilgo Triatloi Taldeak aurtengoan Baxurde Krosik ez antolatzea erabaki zuen. Antolatzaileen esanetan, ezin izan zuten behar beste laguntza bildu proba honen hamabosgarren edizio hau bideratzeko. Horrekin batera, NOAUA!ri aipatu ziotenez, parte hartzaile kopurua nabarmen murriztu zen azken edizioetan. 

Murrizketak baita Salbatore parrokian ere. Andatzazpiko Pastoral Barrutiak apaiz aldaketa izango zela iragarri zuen. Horrekin batera, meza eta hileta elizkizunen ordutegiak ere egokitu egingo zituztela.

Iñurrien festa
Ospakizunei dagokienean, udako festen errondako azkenaurreko geltokia izan zen Santuenea, jaien asteburuarekin; globo gerra, kontzertu gauak, txapelketak, hainbat dastatze ekitaldi, haurrei zuzenduriko ekintzak, kalejirak... izan zituzten jendetza batu zuten auzoko festetan.

Iñurri elkarteak bere estreinako jaialdi solidario eguna ospatu zuen, bestalde, Usurbilen. Yoga eta gosari osasungarriekin hasi zuten bere bost urteko ibilbideari gorazarre egin zion eguna. Feminismoa, dolua eta osasuna hizpide izan zuten hitzaldiak, tailer, bazkari eta bakarrizketa jendetsua izan zuten, baita kontzertu arratsalde bizia ere.

Egun haietan, haur minbiziaren sentsibilizazio hilabetearekin bat egin zuen Udalak. "Urrezko Begiztaren Indarra" kanpainari atxikimendua adierazi zion Usurbilgo Udalak. Aspanogi elkartekoen pankarta eseki zuten udaletxeko balkoian.

Ezkeltzu eta erraustegia
Geure mendiei lotutako bi proiektu ere hizpide izan genituen irailean. Batetik, urte amaiera honetan, Ezkeltzun eraikitzekoa zuten parke eolikoaren egitasmoa momentuz ez zutela gauzatuko jakinarazi aurretik, irailean arriskuan egon zitekeela zabaldu zen, aire-nabigazioan izan zezakeen eraginagatik.

Bestalde, Zubietako erraustegia geratzeko giza katera batu ziren Kontxan, Donostiako estropaden bigarren eta azken jardunaldi egunean. Aurrez, beste isurketa larri bat Arkaitzerrekan eta sutea jazo zirela salatu zituen GuraSOSek.

Giza katearen egunean, bigarren mobilizazio bat ere izan zen, Ernaik deitutakoa Donostian. Iazko irailean, Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteen espetxeratzea salatzeko eginiko ekimenetan 133 kide identifikatu eta 290.500 euroko isunak heldu zitzaizkien guztira. Hainbat atxikimendu jaso zituen deialdiak, tartean mobilizazio atarian herri argazkirako bildutako usurbildarrena.

Aginagako tunela eta Txokoaldeko zubia
Altzonazko zubia birgaitzeko lanen eraginaz informazio bilkura egin zuten Txokoaldeko Txokoargin. Egun haietan, Euskal Trenbide Sareak eta Udalak sinatua duten hitzarmenaren baitan, Aginagan trenbidea bikoizteko lanei ekin aurretik Txokoaldeko zubia birgaituko dutela gogorarazi zuen ETS-k aipatu obra horiek esleitu zituela berri ematearekin batera. Euskal Trenbide Sareak irailaren 5ean esleitu zituen Aginagan trenbidea bikoiztu eta tunela eraikitzeko lanak 30,6 milioi euroren truke. 40 hilabeteko epealdian amaitu beharko dituzte lanok gauzatzeaz arduratuko diren Construcciones Moyua, Jaizubia eta Geotúnel enpresek. 

Dinamika berriak
Beste hainbat dinamika ere aurkeztu eta abiatu zituzten irailean. Sarek azken ostiraleko elkarretaratzearen bidez, urtarrilaren 11n Bilbon egingo den manifestaziora begirako "Behin betiko" dinamika berria aurkeztu zuen. Hurbilago elkartearen dendetan xahutzeko 100 euroko bost bale eskuratzeko bonboien kanpaina jarri zuten martxan.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken faseari ekin zioten uda ostean. Bi herrikide lehiatu ziren; Asier Azpiroz Iztueta eta Uxue Fernandez Lasa. Uxue izan zen lehena parte hartzen final-zortzirenetan udaberriko Gipuzkoa Bertsotan ekimenean sailkatu ostean.

Sagardogintzari lotutako bi albiste ere izan genituen; batetik, aurtengo sagar uzta iazkoa baino txikiagoa izango zela berri eman zuten. Sagar eta sagardo kulturari lotutako zikloa antolatu zuen Alkartasuna kooperatibak.

Kirol albisteak
Kirol hitzorduen artean, lehen postuetan amaitu zituen, podiumera igotzear Nahia Zudaire Borrezo Zubietako igerilariak Parisko Paralinpiar Jokoak. Oinatz Toledok eta Beñat Bereziartuak desafioa jokatu zuten baita. Getaria-Zarautz artean igeri lehiatu dira eta segidan 15 kilometro lasterka egin zuten Aiatik Pagoetako gurutzeraino eta abiapuntura itzulera gero.

Azkenik, Iñaki Errastik Ondarroan segiko zuela jakinarazi zuen Ondarroa arraun elkarteak.

2024ko iraileko argitalpenak
Irailaren 6ko 1001. NOAUA!
Irailaren 13ko 1002. NOAUA!
Irailaren 20ko 1003. NOAUA!
Irailaren 27ko 1004. NOAUA!