2024ari gainbegiratua

Errioa herriratzeko ahalegin berria urrian

Noaua Aldizkaria 2024ko abe. 30a, 18:31

2024ko urrian izan genituen lerroburuen gainbegiratua duzue albiste honetan.

Festen denboraldia azken geltokira heldu zen, Aginagako San Praixkuekin. Toka eta mus txapelketak, oilasko biltzaileen bira, hurbileko produktuen dastatzeak, erromeria giro bizia.... izan zuten. Festen hasieran, Aginaga bizigarriagoaren aldeko mezua nabarmendu zuen jai batzordeak eta ospakizun zikloa abiarazi zuena, berriki Aginagara bizitzera joandako familia bat izan zen.

Urtebete lehenago, estreinakoz antolaturiko Errioaren Egun arrakastatsua ospatu zuten bigarren aldiz festen baitan; oraingoan, azken aldiz bost urte lehenago ospaturiko trainerila txapelketarekin batera. Orio nagusitu zen emakumezkoen zein gizonezkoen txapelketetan. Errioan alan edota piraguetan barneratzeko aukera ederra eskaini zuten.

Kultur-etxera itzulera
Sutegi barruan antolatu ziren uda osteko lehen ekitaldiak. Tartean, NOAUA! K.E.-k Oskar Alegriaren "Zinzindurrunkarratz" proiektatu zuten. Euskarazko literatura guztion eskura online jartzen diharduen Booktegi egitasmoak bere jaialdia ospatu zuen hirugarrenez Sutegin eta Zumarten. Uztailean zendutako Txirikordako bizilagun Olimpo omenduz ekin zioten, bestalde, Kultur Pote ekimenari Artzabalen.

Sagar eta sagardoaren kulturari lotutako zikloa ere abiarazi zuen Alkartasuna kooperatibak; tartean, etxeko sagardoa nahiz sagar dultzea egiteko ikastaroak, sagardotarako sagarren erakusketa, edota bertso-ibilaldi gidatua egin zuten Aginagako sagastietan barrena, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariekin eta Jakoba Errekondoren azalpenekin. Bezperan, Lujanbio Unai Muñoa eta Uxue Lasa herrikideekin aritu zen bertsotan Santueneko Ibai-Ondoko afarian. Fernandez irailean lehiatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetan. Urrian, Asier Azpiroz Iztuetaren txanda izan zen. Aurreko ediziotik zuzenean fase horretarako sailkatua zegoen zubietarra final-laurdenetarako sailkatu zen.

Sorkuntza lan berriak
Kulturgintzako albiste gehiago ere izan genituen. Odolaren Mintzoa taldeak bere ibilbide amaierako kontzertu zikloan murgiltzera zihoala iragarri zuen. "Bizi" estreinako abestia eta bideoklipa kaleratu zituen Iñaki Larrañagak eta "Kafe usain hura" diska, Haritz Harreguy usurbildarra kide duen Delirium Tremens taldeak. Amagoia Mujika Telleriaren "Azazkalak" ipuina saritu zuten, bestalde, Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan.

Azkenik, iaz, Buztinzulok landutako hormairudia inauguratu zuten Atxegaldeko plazan. Jose Luis Zumetaren hormairudiaren 50. urteurrenaren harira, Buztinzulo zeramika taldeak beste hormairudi bat egitea proposatu zuen. Udal dirulaguntza bat jaso eta gero, sormen lana bideratu zuten.

Hitzordu gehiago
Mobilizazioei dagokienean, genozidioa geldiaraztea eskatu eta bakea, justizia eta itxaropena aldarrikatu zituzten Palestinarentzat. Gernika-Palestina Herri Ekimenak Euskal Herri osoan deitutako mobilizazioekin bat egin zuen Usurbilgo herriak ere urrian.

Hitzordu gehiago ere izan genituen. 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren baitan, bisita gidatu berri bat estreinatu zuten urria hasieran; "gerraren oroimena" hizpide zuena. Udaberrian atzeratzea erabakitako Emakumeon Topaketetarako bildu ziren, bestalde, Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Emakumeon Etxean. Donostiako Plan Orokorraren Aurrerakinari lotutako parte-hartze saioa egin zuten Zubietan.

Kirol hitzorduen artean, Lasarte-Oria Bai! lasterketak Zubieta zeharkatu zuen beste behin. Eskualdea sakonago ezagutzeko Buruntzaldeko Ibilbideen Egunean parte hartzeko aukera izan zen.

Ordenantza fiskalak
Udalbatzak hartutako zenbait erabakiren berri ere eman genizuen urrian; tartean, salbuespenak salbuespen, KPI-aren abuztuko %2,6ko igoera aplikatzea 2025eko zerga, tasa eta prezio publikoei.

Erraustegiaz Legebiltzarrean
Zubietako erraustegitik Nafarroako Artaxoako konpostatze plantara garraiaturiko lixibiatuen auzia Eusko Legebiltzarrera heldu zen. Eusko Jaurlaritzaren arabera, erraustegiko lixibiatuak "ezohiko egoera baten ondorioz" sortu zirela erantzun zuen jasangarritasun alorreko sailburuak, EHBilduk eginiko galderari. 


2024ko urriko argitalpenak
Urriaren 4ko 1005. NOAUA!
Urriaren 11ko 1006. NOAUA!
Urriaren 18ko 1007. NOAUA!
Urriaren 25eko 1008. NOAUA!
Herrira Begira