Urte amaierako azoken zikloari eman genion hasiera, hilabeteko lehen egunean Aitzaga elkartearen Artisau Azokarekin. Hilabete amaieran ospatzekoa zen Erle Eguna, ordea, bertan behera utzi behar izan zuten bezperan, urteko hitzordu gozoenerako haizeagatik alerta laranja indarrean jarri zutelako. Haize-bolada gogorrek zenbait kalte material eragin zituzten.
Erle Eguna ohi baino astebete beranduago, azaroko azken igandean izan beharrean, azken larunbatean ospatu zuten azkenean, ohiko azoka edota Euskal Herriko ezti txapelketarekin. Egun horretan hasi zen, bestalde, Euskararen Astea; kantu-jirarekin eta Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean laugarrenez ospaturiko arte diziplina ezberdinak eta bertako nahiz Euskal Herriko sortzaile ezagunak batu zituen Euskararen Galarekin.
Estreinakoz, Euskararen Egunaren bueltan ez, udaberrian, 2025eko maiatzean egingo den 4. Euskaraldirako prestaketa lanak ere abiatu zituzten; herrien izen-ematea zabaldu edota enbaxadore taldea aurkeztu zuten. Euskara ahotan sustatzeko ekimen hau Usurbilen dinamizatzeko herri batzordea osatu eta prestaketa lanei ekin zieten Potxoenean.
Euskalgintzaren aldeko bi elkartasun ekimen ere gurutzatu ziren; Errigoraren udazkeneko kanpaina eta Zuberoako ikastolak laguntzeko otarren ekimena. Inoizko laguntza handiena jaso zuen Nafarroa erdialde eta hegoaldeko euskalgintzaren aldeko udazkeneko kanpainak. Zuberoakoari dagokionean, ekimenaren baitan, "Oilarrak" taldekoak kantuan izan genituen Usurbilen. Trukean, urtero moduan, Seaskaren aldeko elkartasun afaria prestatzen laguntzen izan zen herritar talde bat Urdiñarben.
Saskiez ari garela, 650 Usurbil Bizi otarren egitasmoa abiarazi zuten azaroan. Herriko ekoizleei eta sortzaileei haien lanak aurkezteko deia egin zitzaien. Herriko dendetan xahutzeko erosketa-bonuak ere salgai jarri zituzten, azkar agortu ziren.
UEMA-ren eskutik, azkenik, denboraldi berria ETB-k estreinatu aurretik Sutegin eskainitako Goazen telesailaren lehen atalaren proiekzio bikoitza oso arrakastatsua izan zen. Gonbidapenak eskuragarri jarri eta gutxira hasi ziren agortzen.
Txalaparta Festa eta Mundualdia
Festa egun seinalatu hainbat ere izan genituen; tartean, udaberritik estreinakoz udazkenera geroraturiko Txalaparta Festa eguna. Aurtengoa, ibiltaria eta auzo artekoa. Izan ere, Txokoaldeko Txalaparta Txokoa bisitatu zuten, handik erriberatik barrena kalejiran joanda Aginaga sagardotegian bazkaldu... Garai bateko Artze anaien ohitura berreskuratuz, Salbatore elizako ezkilak joz hasi zuten eguna. 1996an galdutako ohitura berreskuratzen lehena Martin Larrañaga alkate ohia izan zen, garai hartan azkenekoz tradizio honi eusten aritutakoa. Kanpandorrera igotako herritarrek ere parte hartu zuten ekitaldi hartan, Amaitu, txalaparta eskolako kideak eta Fanfarrikant taldekoek giroturiko kalejira berezi batekin bukatu zuten jaialdia.
Txalaparta Festatik Usurbilgo jatorri aniztasuna plaza erdian kokaturiko Mundualdira igaro ginen, doinu kubatarrekin, usurbildarren sorterri hainbatetako produktuen dastatze arrakastatsuarekin. Eguna, halere, arrazakeria deseraikitzea hizpide izandako Bizipoza jardunaldiekin hasi zuten Sutegin. Bien bitartean, Zirimara familia plana antolatu zuten frontoian; munduko jolasetan parte hartzeko aukera izan zuten bertara joandakoek.
40. urtemugara begira
Zumarte ere hizpide izan genuen. Usurbilgo Musika Eskolak 40 urte beteko ditu 2025ean eta ospakizun zikloari hasiera eman zioten, Santa Zezili bezperako ekimenekin; kontzertua eskaini zuten ikasleek Sutegin eta euria tarteko, astebete atzeratu behar izan zuten kalejiraren baitan, bertsotan eman zieten ongi etorria, ekainera arte ospatzen egongo diren urtemuga bereziari.
Etorkizunera nahiz iraganera begiratzeko aukera izango du Zumartek hilabeteotan, NOAUA! K.E.-k egin bezala azaroan. "Usurbil 58" dokumentala aurkeztu zuen Sutegin; Juan Illarramendik Super 8 kamera batekin grabaturiko inoiz ikusi gabeko udalerri honi buruzko 1958. urteko irudiak. Garai hura bizi izandako hainbat herrikideekin osatu zuen NOAUA! K.E.-k dagoeneko herritarren eskuragarri dagoen ikus-entzunezko lana.
Ernai eta Azaroaren 25a
Mobilizazioen atalean, herri eragileen babesa jaso zuten Ernai gazte antolakundeak eta isundutako 133 kideak, ordu eta erdiz plazan eginiko elkarretaratze iraunkorraren bidez. Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean ere Kafe Tertuliak eta Emakumeon Etxeak estreinakoz batera antolaturiko mobilizazioan ziren herritarrak. "Ez gaituzue izutuko, guk autodefentsa feminista!", aldarrikatu zuten. Egun horri begirako erakunde adierazpena onartu zuen udalbatzak. "Emakumeen aurkako indarkeria ezereztu nahi duen edozein diskurtsoren aurka agertzen gara", zioen. Egun horren bueltan, Udaletik jakinarazi zutenez, indarkeria matxistaren biktimen arretarako erakunde arteko protokoloa eguneratzeko lanketari ekin zioten.
Handik gutxira, Elkarrekin Egunean bildu ziren herriko hamarnaka emakume, elkarrekin jarduera fisikoa egitea sustatzea xede zuen ekimenean.
Auzoetan
Udala aipatuta, usurbil.eus ataria itxuraz eta mamiz berritu zuten. Auzoz auzo, Usurbilgo herri eta auzoetan aurkeztu zituen udal gobernu taldeak 2025erako udal aurrekontuok. 2,7 milioi euroko kreditu aldaketa behin betiko onartu zuen udalbatzak.
Auzoetan ere hainbat dinamika izan ziren: Txokoaldeko Txokoargin sukaldaritza tailerrekin batera, Asier Kidam magoak bertara joandakoak liluratu zituen. Orientazio jokoak egin zituzten Aginagan, bingodun diskofesta Santuenean. Santuenean bertan, arrakasta itzela izan zuen, aurreikuspenak nabarmen gainditzeraino, urria amaieran Valentzian izandako hondamendian kaltetutakoei laguntzeko elkartasun bilketak. Kalezarko Pelaioenean, azkenik, Emakumeon Etxean "Bakarrik Bai da Bai" legea edota duela urtebeteko greba feminista izan zituzten hizpide, udazken parterako antolaturiko kultur programazio zabalaren baitan.
Herri merkataritza zaintzaileari lotutako bi ekimen ere abiarazi zituzten azaroan; sorospen ikastaroa herriko merkatarientzat eta gozogintza kanpaina. Hilean behin, Oinarrizko Lanbide Heziketako sukaldaritzako ikasleek prestatutako gozoak eskainiko dituzte herriko saltokietan, hilero egun batez, bi dendetan.
Sorkuntza
Kulturgintzari dagokionean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetarako sailkaturiko Asier Azpiroz Iztueta finalaurrekoetarako sailkatu zen.
Musika talde berri baten lehen abestia entzuten hasi ginen; tartean, Ixak Arruti eta Martin Larrañaga usurbildarrak kide dituen Izan Bai taldearen "Barne Borroka" kanta. "Juana" liburua aurkeztu zuen Jon Artanok Sutegi udal liburutegian.
Kirol albisteetan, Miriam Arrillaga Beloki Gipuzkoako Eskuz Binakako Txapelketako garailea izan zen. Datorren apirilean egingo den Ibai-Ondo Backyard erronka aurkeztu zuten. Zuzendaritza taldea berritzeko erreleborako deia egin zuen Usurbil Kirol Elkarteak.
Erraustegiaz
Hilabete amaieran, BioDonostiak Zubietako erraustegiaren eraginaz egindako ikerlanaz bilera deitu zuen GuraSOSek Sutegin. Txosten horretako datu kezkagarriez ohartarazi eta Zubieta gaineko tratamendu plantaren kontrol demokratikorako mahaia osatzea eta baimena berrikustea galdegin zuen.
2024ko azaroko argitalpenak
Azaroaren 1eko 1009. NOAUA!
Azaroaren 8ko 1010. NOAUA!
Azaroaren 15eko 1011. NOAUA!
Azaroaren 22ko 1012. NOAUA!
Azaroaren 29ko 1013. NOAUA!