Astearte honetan, abenduaren 31n agurtuko dugu Hurbilago San Silbestre herri lasterketarekin, azaroaren antzera, dinamika aldetik bizia izan den abendu hau eta bide batez, baita 2024. urte hau ere.
Gabonak hasi orduko hamaika hitzordu izan ditugu azken egunotan; Elkargunea eraikitzen jarraitzeko topaketak esaterako. Ziklo horren baitan, egitasmo hau ezagutarazteko erakusketa ireki zuten Sutegin, bertsotan aurkeztu zuten zikloa, Aztarrikant kantu-jira ospatu zuten, sormen, talogintza tailerrak eta bigarren eskuko azoka egin zuten, oroimenaren ibilbidea osatu zuten, etxebizitzari buruzko lehen herri asanbladan bildu ziren...
Euripean heldu ziren Mari Domingi eta Olentzero gure artera, ibilaldi azkar eta labur batekin. Frontoian egin behar izan zitzaien harrera. Auzoetara ere hedatu da gabon giroa; Santueneara azoka, San Tomas eguneko ospakizun edota irristaketa ikastaroarekin. Kirol hitzordu bereziak ere izan ditugu egunotan; Harane 2024 futbol txapelketa edota Mirotzen omeneko eskubaloi lehiaketa.
Haurrak izan ditugu protagonista opor hauetan, hainbat ekintza antolatu direlako haientzat; tartean, magia ikuskizuna antolatu zuten Sutegin. Ikastetxeetan eginiko gabon giroko emanaldi eta kalejirekin barneratu ziren atseden egunotan. Hilabete hasieran, sarrerak segituan agortu zituzten Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore "Ostirala iritsi da!" ikuskizun berria aurkeztu ziguten Oiardo kiroldegian.
Azokak
Azoken zikloa ere borobildu dugu abendu honetan, Hurbilagoren Udazkeneko Azokarekin, Santuenean eginiko gabonetakoarekin edota NOAUA! K.E.-ren San Tomas azokarekin. Hurbilagorenean aurkeztu zuten asteburuan zozketatu eta banatu diren herri ekoizpenaz eta sorkuntzaz hornituriko ehun 650 Usurbil Bizi otarrak.
Urteko azken erabakiak
Udalbatzak urteko azken erabakiak hartu ditu asteotan. Elkargunea eraikitzeko eta haur eskola eraberritzeko urrats berri bat eman zuen, Haraneko entsegu lokalen erabilerarako udal ordenantza onartu zuten hasieraz, Oiardo kiroldegiko jarduera fisikoa eta ur sorospen zerbitzua esleitu zuen, alkatea eta gizarte langileak babesteko erakunde adierazpena ere bai, Agerialdeko teilatuan sorkuntza fotovoltaikorako instalakuntza ezartzea baimendu zuen edota inoizko udal aurrekontu handienak onartu zituen hasieraz 2025. urterako.
Jakin fundazioarekin batera, Joan Mari Torrealdai beka deialdiaren bigarren edizioko proiektu irabazlea aurkeztu zuten; "EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean". Zumarte Musika Eskolarekin batera, belaunaldiarteko topaketa antolatu zuten. Zumartek, gainera, abesbatzen kontzertuekin agurtu zuen urtea.
Euskararen Astea eta gehiago
Abenduko ekitaldi eskaintzari Euskararen Egunarekin ekin genion, ordea. Euskararen Eguna kantuan heldu zen Udarregi ikastolakoen eta Kantu Taldekoen eskutik. "Erantzunkizuna eta konpromisoa, olatu berria sortzeko" hala zioen, udalak onarturiko erakunde adierazpenak. "Guk ere herriari euskaraz" dinamika abiarazi zuen Aztarrika gazte asanbladak herriko ostalaritza guneetan arreta euskaraz bermatzeko.
650 Usurbil Bizi herri egitasmoari lotutako urteko azken bisita gidatuak egin ziren, 2025erako eskaintza indartuko zutela iragartzearekin batera.
NOAUA! Kultur Elkarteak, Antxomolantxak eta Eliza Zaharra Elkarguneak "Errio" dokumentala proiektatu zuen. Harrera jendetsua izan zuen Aginagako Eliza Zaharreko emanaldiak.
Hitzaldi zikloa antolatu zuen Sortalde energia berriztagarrien komunitateak.
Yolanda Arrietaren eta Peru Galbeteren "Etxe bat, norberarena" sorkuntza lana aurkeztu zuten Sutegin.
Azken albisteak
Ingurumen gaiei dagokienean, momentuz, Ezkeltzun parke eolikorik ez dutela eraikiko jakinarazi zion Eusko Jaurlaritzak Usurbilgo Udalari. “Espedientea iraungitzat eta amaitutzat jotzea” ebatzi du, “jarduketak artxibatu” egingo direla iragartzearekin batera.
Erraustegian izandako beste sute bat eta turismo ibilgailuetan bidaiarien herri barruko edo herriarteko garraio publikoaren zerbitzua eskaintzeko Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremuaren sorrera izan ditugu urteko azken albisteak.
2024ko abenduko argitalpenak
Abenduaren 6ko 1014. NOAUA!
Abenduaren 13ko 1015. NOAUA!
Abenduaren 20ko 1016. NOAUA!
Gabonetako gehigarria
Herrira begira