2025ari begira

Urteko lehen NOAUA!, urtarrilaren 10ean

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 2a, 08:18

2025eko estreinako aldizkaria, 1017. NOAUA!, astebete barru argitaratuko dugu.

Abenduaren 20an argitaratu genuen 2024ko azken astekaria. Aurreko ostiralean, hilaren 27an ez zen aldizkaririk izan. Aste honetan ere ez dugu argitalpenik kaleratuko. Estreinatu berri dugun 2025. urteko lehen aldizkaria urtarrilaren 10ean edo egun horren bezperatan jasoko duzue zuen postontzietan.

Ordurako oharrik baldin baduzue, ohiko bideotatik helarazi ditzakezue, urtarrilaren 3a baino lehen: erredakzioa@noaua.eus / 943 360 321 / Bordaberri, 3.

Egutegia
Aipatu moduan, abenduaren 20an jaso zenuten azken NOAUA!, ohi baino mardulagoa. Izan ere, asteotako deialdien berri jasotako gabonetako gehigarria ere argitalpen horrekin batera eskuratu ahal izan zenuten, baita 2025. urteko egutegia ere, herriko txoko ezberdinetako argazkiekin. Ohi bezala, Zaloa Arnaiz Ibarguren arduratu da irudiez eta egutegiaren diseinuaz.

Horrez gain, errefusa noiz bilduko den zehazten duen Usurbilgo Udalaren egutegia ere jaso zenuten argitalpenokin batera; 2025 eta 2026ko bilketa egunen berri izango duzue hartara.

"Usurbil 58"
Argitalpen horiekin batera, gogoan izan baita, eskuragarri duzue urte amaiera honetan NOAUA! K.E.-k ekoitzi eta plazaraturiko "Usurbil 58" ikus-entzunezkoa. Orain urtebete, izen hori zuen artxibo bat topatu genuen Euskadiko Filmategian. Juan Illarramendik Super8 kamera batekin 1958an grabaturiko herriko irudi-bilduma zen.

Irudiok bildu ditu kultur elkarte honek eta garai hartako Usurbil eta garai hartako usurbildarrak ezagutu zituen herrikide talde bat ageri da irudi horien harira solasean, azaroa amaieran Sutegin estreinatu genuen dokumentalean: Asintxio Pagola, Jabier Pikabea, Lurdes Urkia, Manuel Goenaga, Arantxa Alkorta, Kinttin Segurola, Arantzazu Aranburu eta Koro Iribar. Zumarte Musika Eskolako Iñaki Mujika eta Roman Manterola ere elkarrizketatu genituen propio dokumentalerako, beraien eskutik iritsi zirelako irudiak Filmategira. Ixabel Agirresarobek gidatu zituen dokumentalean jasota dauden solasaldiak eta aurkezle-lanak ere berak egin zituen.

Aipagarria da, bestalde, Usurbilgo Udalaren ekarpena. Sormen lanetarako gordeta duen dirulaguntzari esker, kalitatezko ikusentzunezko bat ekoizteko aukera izan dugulako.

Oraindik eskuratu ez baduzu, jakizu dokumentala DVD-USB euskarrietan Laurok eta Lizardi liburudendetan eskuratu dezakezula, 10 eurotan. NOAUA!ko bazkideek 8 eurotan lor dezakete, baina kasu horretan NOAUA!ko bulegora hurbildu beharko dute.