2025ari begira

Odol-Emaileen Elkartearen, Zumarteren eta Ziortzaren urtemugak, aurtengo hitzorduen artean

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 2a, 09:19

Nola ez, urte berri hau ere bizi askoa datorkigu Usurbilgo hitzorduen eskaintzari dagokionean.

2025ean sartu berritan, urte berrirako erronkak eta planak egiteko unea izan daiteke batentzat baino gehiagorentzat. Usurbilen ere ez da faltako hitzordurik, datozen hamabi hilabeteotan. Bizi asko dator aurtengo urtea ere, hamaika egitasmo eta ekitaldirekin.

Segidan, haietako hainbat bildu ditugu zerrenda horretan. Ohiko ospakizun, azoka, herriko eragileen ziklo eta egun bereziekin batera, ezohiko hitzordurik ere izango dugu estreinatu berri dugun urte honetan. Urrunago joan gabe, urtarrilaren 25ean, Odolaren Mintzoa agurtzeko jaialdi berezia izango da frontoian.

40 eta 50 urte
Agur festa horrez gain, urtemuga berezian murgilduak izango dira beste hiru herri eragile ere. Izan ere, hasteko, 50 urte beteko ditu aurten Usurbilgo Odol-Emaileen Elkarteak. Mende erdi horri lotutako zenbait ekimen iragarri ditu bilguneak urte hasiera honetarako. 40 urte beteko dituzte, bestalde, 2025. urte honetan Zumarte Musika Eskolak eta Ziortza Gazte Elkarteak. Zumartek azaroko Santa Zezili bezperako ekitaldien bueltan murgildu zen ospakizun aro honetan. Hilero ekimen berezi bat iragarria du uda atarira arte. Ekainean urtemuga berezi horri gorazarre egiteko jaialdia iragarria dute.

Lehenago, bestalde, estreinakoz udaberrian eta ez orain arte bezala, abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan, itzuliko da Euskaraldia aurten; lehenbiziko aldiz, udaberri partean. Ahobizi, Belarriprest eta ariguneak jardunean aritzeko hamaika eguneko tartea izango da maiatzaren 15etik 25era. Hilabeteotan bideratuko ditu horretarako propio sortutako herri batzordeak hitzordu horri begirako prestaketa lanak.

Deialdi, ospakizun eta ekintza gehiago ere iragarriko dira aurrerago, une honetan aurreikusi ezin daitezkeenak ere bai ziur. Momentuz, hemen doakizue, aldaketa bat baino gehiago jasan ditzakeen Usurbilgo dinamiken 2025eko behin-behineko egutegia:

2025eko hitzordu nagusiak
Urtarrila:
Hilabetean zehar:
Odol-Emaileen Elkartearen 50. urtemugako ekimenak.
25: Odolaren Mintzoaren agur biraren amaierako jaialdia.
26: Irisasi BTT Hotzak Akabatzen.

Otsaila:
Lehen hamabostaldian: NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia.
4: Santa Ageda bezpera.

Martxoa:
1: Inauteri Festa.
8: Emakumeen Nazioarteko Eguna.
Hilabetean zehar: 40 urte beteko dituen Zumarteren Soinurbil Musika Astea.

Apirila:
5: Dantza Eguna.
12-13: "Ibai-Ondo Backyard" erronka Santuenean.
23: Liburuaren Eguna.

Maiatza:
4: Andatza Eguna.
15: San Ixidro Eguna.
15-25: 4. Euskaraldia.
18: Sagardo Eguna.
Hilabetean zehar: Ziortzaren 40. urtemugako ekimenak.

Ekaina:
7: Ikastola Eguna.
Hilabetean zehar: 40. urtemugako Zumarteren jaialdia.
24: San Juan eguna. Kalezarko jaiak.
28: LGBTIQ+ Harrotasun Eguna.

Uztaila:
2: Santixabel Eguna. Usurbilgo jaiak.
25: Santio Eguna. Zubietako jaiak.

Abuztua:
3: San Esteban Eguna. Xanisteban jaiak Urdaiagan.
Hilabete amaieran: Atxegaldeko jaiak.

Iraila:
Hilabete erdialdean: Santueneko jaiak.

Urria:
4: San Praixku Eguna. Aginagako jaiak.

Azaroa:
1: Artisau Azoka, Aitzaga elkartearen eskutik.
Hilabetean zehar: Txalaparta Festa, Mundualdia.
22: Santa Zezili Eguna. Bezperan, Zumartekoen ospakizunak.
25: Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna.
30: Erle Eguna.

Abendua:
Hilabete hasieran: Hurbilagoren Udazkeneko Azoka.
3: Euskararen Eguna.
14: NOAUA! K.E.-ren San Tomas azoka.
23-24: Mari Domingiri eta Olentzerori ongi etorria.
31: Hurbilago San Silbestre Herri Lasterketa.