2025ari begira

Urtarrila lasaiagoa baina hitzordu interesgarriekin

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 2a, 09:31

Aste mugituon ostean, bareago etorriko da urtarrileko kultur eskaintza. Halere, izango da nabarmentzeko moduko hitzordurik.

Barneratu gara urte berrian, baita urte berri honetako lehen hilabetean ere. Datozen asteotarako herrian izango dugun kultur eskaintzaren berri biltzen duen agenda banatu du egunotan Udalak etxez etxe.

Lehen egunotan, gabonen giroko azken ekintzak izango ditugu; gaurtik larunbatera zabalik izango den Gabonetako Haur Parkea Oiardo kiroldegian edota erregeen kabalkada hilaren 5ean.

Odolaren Mintzoaren agurra
Hortik aurrera, jaiegun eta opor egunon ondotik, ohiko egunerokotasunera itzuliko gara. Abendua baino bareago, baina halere, izango da hitzordu interesgarririk Usurbilen hilabete hau amaitu arte. Mugituena, urtarrilaren 24ko asteburua izango dugu. Bezperarako Alkartasuna kooperatibak eta ostiral horretarako Sutegi udal liburutegiak antolaturiko xake ikastaroaren ostean, azaroan hasi eta 2025ean bete-betean izango den ospakizun aroari segida emango dio Zumarte Musika Eskolak. Hilero ekimenen bat antolatu asmo du uda partera arte. Urtarrilean, "Katedraletako meza" ikuskizuna iragarri du. Hori hilaren 24an izango da.

Biharamunean, musika kontu gehiago. Izan ere, 2008tik jardunean izan den musika talde batek agurtuko gaitu; Odolaren Mintzoak azken kontzertua iragarri du hilaren 25erako, musikaz blaituko den egun osoko jaialdiaren baitan. Sarrerak salgai dituzue jada Txirristran eta Aitzagan nahiz usurbilkultura.eus plataforman.

Asteburua borobiltzeko, kirol hitzordu bat; Irisasi BTT Hotzak Akabatzen proba herrikoia. Bizikleta gainean, Andatzari itzulia emateko aukera izango da beste behin.

Sareren hitzorduak
Lehenago, hilaren 18an Mejillon Tigre kolektiboaren "Hitz esana" emanaldia programatu dute Kalezarko Pelaioenean, Emakumeon Etxean. Gabonen osteko hurrengo asteburuan, aldiz, negu parteko euskarazko zine zikloaren proiekzioa izango da haurrentzat hilaren 12an ("Boo Kwa eta museoaren lapurreta"), solasaldi filosofikoa helduentzat Potxoenean bi egun lehenago. Tartean, Sarek Bilbon deitutako mobilizazioa izango da, urtarrileko azken ostiraleko elkarretaratzearekin batera. Hara joateko autobus zerbitzua antolatuko du Usurbilgo Sarek eta girotzeko, larunbat honetan bertan, hilaren 4an, mus txapelketa frontoian.

Odol-Emaileen Elkarteak 50 urte
Urtarrileko bigarren asteburua igarota, urtemuga berezian murgilduko da Usurbilgo Odol-Emaileen Elkartea. 50 urte bete baititu aipatu bilguneak; hilabete honi dagokion odol-ematearekin batera, emaile usurbildarrak omentzeko bazkaria edota erakusketa bat ere ireki asmo dute Sutegin.

Datozen asteotako deialdien berri webgune honetako "Agenda" atalean jaso dezakezue; bestela, usurbilkultura.eus plataforman.