Urte garai honetako ospakizunak borobilduko dituen azken hitzordua ate joka dugu. Izan ere, ohi bezala, igande honetan, urtarrilaren 5ean egingo zaie harrera Baltasar, Gaspar eta Meltxor erregeei.
Urdaiagatik
Ohi bezala, Urdaiagatik behera jaitsi eta helduko dira gure artera hiru erregeak etzi, hilaren 5ean. Eguraldiak baldintzatzen ez badu behintzat, Santuenea edota Bizkarretik barrena herri erdiguneko kaleak zeharkatuko dituzte. Gozoki zaparrada bat baino gehiago izango da bidean, ziur, urtero moduan.
Ibilbidearen helmuga, frontoia izango da eta bertan hiru erregeei egingo zaien harrera ekitaldia. Herritarrei helarazteko duten mezua irakurri ostean, txikienek haiengana hurbiltzeko aukera izango dute.
Halere, erregeen kabalkadaren girotzea igande goizean hasiko da. Izan ere, erregeei postaria aurreratuko zaie. Jolasak eta tailerrak iragarri ditu Ziortza gazte elkarteak etzi goizean, frontoian.
40. urtemuga
Erregeen kabalkadaren harira, gogoan izan, haren antolakuntza lanetan jardungo duen Ziortza gazte elkartea ospakizun urtean murgildu dela. Sortu zenetik, 40 urte beteko ditu aurten.
Urtarrilak 5, igandea
Erregeen kabalkada:
11:00 Eskutitz tailerra eta muralaren irekiera.
12:00 Postariaren etorrera eta jolasak postariekin.
12:30 Postariari eskutitzak eman.
17:00 San Estebandik irteera.
19:30 Frontoira iritsi.
Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.