Gabonak 2024-25

Gabonetako Haur Parkea larunbatera arte zabalik

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 3a, 07:53

Atzo Usurbilgo Udalak Oiardo kiroldegian irekitako haur eta gaztetxoen jolastoki erraldoia, larunbat iluntzera arte egongo da zabalik.

Azken atseden egunak dituzte honako hauek gaztetxoenek. Datorren astean ikasgeletara itzuli aurretik, halere, izango dute aisialdi ekintzik egunotan. Igandeko errege kabalkadaren aurretik, atzotik zabalik dute Usurbilgo jolastoki erraldoiena Oiardo kiroldegian.

Usurbilgo Udalaren eskutik, 2-12 urte artekoentzako haur eta gaztetxoek jauzika, sortzen, jolasten igaro ahalko dituzte azkeneko opor egunok, kirol pistan egokituriko parke handian. Puzgarriak, bideo-jokoak, sormenerako tailerrak... denetarik aurkituko dute bertan.

Atzo ireki zuten estreinakoz, Gabonetako Haur Parkea. Ostiral eta larunbat honetan ere zabalik segiko du goiz eta arratsaldez, bost orduz guztira, Oiardo kiroldegian.


Gaztetxoentzako ekitaldien eskaintza
Urtarrilak 2-4, ostegunetik larunbatera
11:00-13:00 / 16:30-19:30 Gabonetako Haur Parkea Oiardo kiroldegian.
Sarrera: doan.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.