2025eko egutegi fiskala

Egutegi fiskalaren baitako urteko lehen tasa ordaintzeko garaia

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 3a, 08:05

2024ko laugarren hiruhilekoari dagokion asteroko merkatua egiteko bide publikoa erabiltzeagatiko tasa ordaintzeko epealdia ireki du Usurbilgo Udalak.

Atzo web orrialde honetan plazaraturiko 2025eko egutegi fiskaleko lehen tasa ordaintzeko garaia heldu da. Usurbilgo Udalak ostiral honetako, urtarrilaren 3ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez berri eman duenez, 2024ko azken hiruhilekoari dagokion asteroko merkatua egiteko bide publikoa erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasaren errolda onartu du. Asteartetik aurrera, hilabetez jendaurrean ikusgai jarriko du udal kontuhartzailetzan. Horrekin batera, urtarrilaren 31ra arte borondatez ordaintzeko epealdia ere ireki du.

Egutegia
Gogoan izan, urriaren 10ean hasieraz onartu eta urte amaierarako behin betiko onartu zituen Usurbilgo Udalak, urte hasiera honetatik, indarrean izango diren 2025eko ordenantza fiskalak. Hala jakinarazi zuen Udalak abenduaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Bertan, besteak beste, urte berri honetarako tasa, zerga eta prezio publikoen xehetasunak definituak ditu Udalak baita noiz zer ordaindu beharko den ere; hau da, 2025eko egutegi fiskala, segidan duzuena.

Orain, urtarrilean hasi eta abendura arte hilabetez hilabete ordaindu beharreko zerga eta tasen zerrenda biltzen du egutegi horrek eta haren ondoan, horiek ordaintzeko Udalak finkatua duen epealdia. Haietako hainbat hiru hilean behin ordaindu beharrekoak izango dira; asteroko merkatuaren erabilpen edota ura, estolderia eta hondakinei lotutako tasen kasuan. Hilero ordaindu beharrekorik ere izango da; Haur Eskolaren kuotaren kasuan. Gainerakoak, urtean behin ordaindu beharrekoak izango dira. Hemen, 2025eko egutegi fiskala osorik:

2025eko egutegi fiskala

Zerga / Tasa

Ordain epea

Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - aurreko urteko 4. hiruhilekoa

Urtarrilaren 2tik 31ra

Ura, estolderia eta hondakinak - aurreko urteko 4. hiruhilekoa

Otsailak 1etik martxoak 1era

Trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga

Martxoak 1etik apirilak 15era

Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 1. hiruhilekoa

Apirilak 1etik maiatzak 2ra

Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 1. hiruhilekoa

Maiatzak 2tik ekainak 3ra

Ondasun higiezinen gaineko zerga

Maiatzak 15etik uztailak 1era

Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 2. hiruhilekoa

Uztailak 1etik abuztuak 1era

Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 2. hiruhilekoa

Abuztuak 1etik irailak 2ra

Espaloian zehar ibilgailuak sartzea (badoa)

Irailak 2tik urriak 1era

Ekonomi jarduera gaineko zerga

Urriak 1etik azaroak 1era

Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 3. hiruhilekoa

Urriak 1etik 31ra

Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 3. hiruhilekoa

Azaroak 1etik abenduak 2ra

Bide publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik tasa (beladoreak, kutxazain automatikoak...)

Azaroaren 1etik 29ra

Emakida administratiboak (Atxega jauregia, udal baratzak...)

Azaroaren 1etik 29ra

Haur Eskolaren hezkuntza zerbitzua

Hilaren 5ean (hilero)