Haizeagatik abisu horian igandean

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 3a, 08:00

Haizeagatik abisu horian izango gara igandean egun osoz.

Igande haizetsua datorkigula ohartarazten ari da Euskalmet meteorologia agentzia. Izan ere, etzi, urtarrilaren 5ean, haizeagatik abisu horiaren eraginpean izango gara egun osoz. "Hego-osagaiko haize-boladek, egunaren lehen zatian hego-mendebala nagusituko da, 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete" haizeguneetan, Euskalmet-en arabera. Gainerakoan, "haizeguneak ez diren tokietan boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke", ohartarazi du aipatu meteorologia agentziak.

Asteburuko eguraldi iragarpenari dagokionean, gaur, urtarrilak 3, Usurbilen, "zerua hodeitsu egongo da, goizaldean tarteka oso hodeitsu. Euri txikia egingo du, bereziki arratsalde-gau partean. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez".

Larunbatean, hilaren 4an, "zerua oso hodeitsu egongo da eta arratsaldean ostarteak zabalduko dira. Egunaren lehen partean han-hemenka euri txikia egin dezake. Hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin, bereziki haizeguneetan; arratsalde-gau partean indartu egingo da eta bolada oso gogorrak izango dira. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da".

Igandean, urtarrilaren 5ean, "zerua hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Hego-osagaiko haizea bizi-gogorra ibiliko da, bolada oso gogorrekin; hego-mendebala nagusituko da. Tenperatura gutxi igoko da".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso dezakezue.