Sare

Sareren alde musean frontoian, Bilboko mobilizazioaren atarian

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 4a, 17:17

Usurbilgo Sarek antolaturiko mus txapelketa jokatzen ari dira larunbat arratsalde honetan frontoian.

Larunbat arratsalde hau, karta joko ezagunenaren eremua dugu Usurbilgo frontoia. Mus txapelketa antolatu du Usurbilgo Sarek bertan. 16:30ak pasatxoan hasi dira lehiarako izena eman duten bikoteak. Egunotako hotza igarota, gaurko txapelketarako giro epel askoa egokitu zaie.

Gogoan izan, urtarrilaren 11n "Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza" aldarripean Bilbon egingo den manifestazio nazionala girotzeko baliatzen ari dira hitzordu hau. Hara joateko, gainera, autobus zerbitzua antolatuko du Usurbilgo Sarek. Dagoeneko izen-emate orriak jarri dituzte ohiko tabernetan: Txiribogan, Aitzagan, Txirristran eta Bordatxon.

Gaurko mus txapelketari dagokionez, sariok jarriko ditu jokoan Usurbilgo Sarek:
-1. saria: bi lagunentzako otordua Aginaga sagardotegian.
-2. saria: Bruño etxeko mariskada.
-3. saria: 2 Lumagorri oilasko eta botila bat ardo.
-4. saria: 2 Lumagorri oilasko eta botila bat ardo.

"Urte garrantzitsua"
Urteko azkena izan zen abenduaren 27koa; Usurbilgo Sarek deitutako 2024ko azken elkarretaratzea egin zuten Mikel Laboa plazan. Balantze modukoa egiteko baliatu zuten hitzordua. "Urte garrantzitsua izan da etxerako bideari dagokionez, hamaika dira dispertsioaren amaierarekin batera espetxe ibilbideari ekin eta lege arrunta jarraituz etxerako bidea hasi duten euskal presoak. Balorazio ona egiten dugu noski honekiko, gatazkaren ondorioak amaitzea helburu dugun momentutik, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea izan dugu eta izango dugu jomuga".

Agurtzear dugun 2024. urte honetan, "biolentzia ezberdinen biktimei dagokionez ere, izan dira aurrerapausoak, biktimek merezi duten egia eta aitortzaren bidean pauso nabariak ikusi baititugu. Etxerako bidean zein biktimen egia edo aitortzan, ordea, bide luzea dugu egiteko oraindik, gatazkak utzitako ondorioek ondorio izaten jarraitzen baitute".

Pausoetan sakontzea
2025eko erronkei dagokienean, "aurrez emandako pausoetan mantendu eta pauso horietan sakontzea" aipatu zuten, "2024an ezarritako bide-orriari jarraiki, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean aurrerapausoak ematen jarraitu nahi baitugu biolentzia ezberdinen biktimen egia eta aitortzarekin batera".

Urte berrirako lehen deialdiak iragarri zituen Usurbilgo Sarek. Garrantzitsuena, Bilbon hilaren 11n egingo den mobilizazioa. "Beste behin, Bilbon behin betiko bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren alde egingo dugu, biolentzia ezberdinen biktimek behin betiko egia jakin eta aitortza jaso dezaten aldarrikatuko dugu eta noski, euskal preso, iheslari eta deportatuen behin betiko etxeratzearen alde mobilizatuko gara", iragarri zuten.

Sareren datozen deialdiak
Urtarrilaren 11ra arte
Urtarrilaren 11ko Bilboko manifestaziora joateko Usurbildik antolaturiko autobus zerbitzuan izen-ematea ohiko tokietan: Txiribogan, Aitzagan, Txirristran eta Bordatxon.

Urtarrilak 11, larunbata
15:00 Sareren Bilboko mobilizaziora joateko autobus zerbitzua Oiardo kiroldegitik.
17:00
Sareren mobilizazioa Bilboko La Casillatik.

Urtarrilak 31, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Deitzailea: Usurbilgo Sare.