Gabonak

Gaztetxoenentzako hurrengo hitzordua, oporraldi oste honetan

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 7a, 08:14

Azaroaz geroztik abian den negu parteko haurrentzako euskarazko zine zikloaren hurrengo proiekzioa, igande honetan, urtarrilaren 12an eskainiko dute Sutegin.

Pasa den igandeko erregeen kabalkadarekin amaitu da herri eragile hainbatek gaztetxoenen bi asteko oporraldi honetarako antolatua zuen ekitaldi sorta. Asteburu hau igarota itzuliko dira urtarrilaren 7 eta 8 artean ikasgeletara gaztetxoenak. Baina aurrerago ere izango dira haurrentzako ekintza gehiago.

Oporraldia amaitu eta berehala izango dute lehen hitzordua. Izan ere, azaroaz geroztik Usurbilgo Udalak eta Ziortza gazte elkarteak antolaturiko euskarazko zine zikloaren hurrengo proiekzioa igande honetarako, urtarrilaren 12rako iragarria dute, ohi bezala, arratsaldeko 17:00etan Sutegiko auditorioan. “Boo Kwa eta museoaren lapurreta” izeneko ikus-entzunezkoa eskainiko dute haurrentzat. Sarrerak ohi bezala, aurrez eskuratu ahalko dituzue 3,50 eurotan usurbilkultura.eus plataforman.

Filmaren aurrerapentxoa duzue albiste honi atxikitako bideoan. "Boo Kwai mutiko bihurria unibertso paralelo batera heldu da ustekabean bere asmakizunetako bati esker. Gizon misteriotsu batek mundu berri honetatik ihes egin eta hiriko museoan dagoen Antzinako Shuko Urrezko Makila preziatua lapurtu du. Book eta bere lagunak abentura eroa bizi izango dute erlikia berreskuratzeko. Lortuko dute Urrezko Makila aurkitzeko trabak gainditzea etxera bueltatu ahal izateko?".