Igande haizetsua iragarri dute erregeen etorrera egun honetarako. Gauerdiaz geroztik abisu horiaren eraginpean gara eta hala segiko dugu astelehen goizaldeko 6:00ak arte. Tarte horretan, "Hego-osagaiko haize-boladek (egunaren lehen zatian hego-mendebala nagusituko da) 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete" haizeguneetan. Bestalde, "haizeguneak ez diren tokietan, boladak 50-70 km/h ingurukoak izan daitezke. Gauean haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke".
Gainerakoan, gaur, Usurbilen, Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, "zerua hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Hego-osagaiko haizea bizi-gogorra ibiliko da, bolada oso gogorrekin; hego-mendebala nagusituko da. Tenperatura gutxi igoko da".
Astelehenean, Euskalmet-en arabera, "zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu. Zaparrada txikiak botako ditu, zenbait lekutan ertainak, probabilitate handiagorekin egunaren erdiko orduetan. Baliteke trumoi-ekaitzak botatzea. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; goizaldean eta goizean goiz hego-mendebala nagusituko da eta bolada oso gogorrak izango dira. Tenperatura nahikoa edo nabarmen jaitsiko da. Tenperatura minimoak egunaren amaieran neurtuko dira".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.