Zuhaitz erorketak, azken orduotako haizetearen eraginez

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 5a, 10:04

Zuhaitz bana erori da trenbidean Usurbil eta Orio artean eta baita Usurbilgo hilerri inguruan ere, azken orduotan izandako haize-bolada gogorren eraginez.

Azken orduotako haize-boladen lehen ondorioen berri segidan. Batetik, albiste honi atxikia duzuen argazkia helarazi digu herrikide batek. Zuhaitz bat erori da hilerri inguruan, errepidera. Ertzaintza bertaratu da gertaera lekura.

Bestalde, Usurbil eta Orio arteko tren zerbitzua etenda egon da igande goizeko lehen orduan. Euskotrenek berri eman duenez, zuhaitz bat erori da. "Tren zerbitzua moztuta Usurbil-Orio artean, katenarian zuhaitz bat erori delako", ohartarazi dute tren zerbitzutik goizeko 7:00ak aldera.

Igande eta jaiegunetan Euskotrenek eskaini ohi duen goizeko lehen zerbitzuetan eragin du gertaera horrek. Izan ere, igandeetako lehenengo zerbitzua Oriotik Usurbilerantz goizeko 8:15ean izaten da, bigarrena 9:15ean. Usurbildik Oriora, aldiz, 7:04an, 8:04an eta 9:04an izaten dira lehenengo tren zerbitzuak.

Halakoetan, autobus zerbitzua eskaintzen dute, tren zerbitzua etenda dagoen artean. Halere, matxura konpondu dute. 9:30ak aurretik berri eman dutenez, tren zerbitzua berrezarria zuten jada.