Sare

Sareren mus lehiaketako txapeldunak

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 5a, 08:25

Argazkia: Usurbilgo Sare.

Usurbilgo Sarek helarazitako ondoko talde argazkian dituzue larunbat honetako mus txapelketako irabazleak. Gogoan izan, urtarrilaren 11ko Bilboko mobilizazioa girotzeko antolatu dute hitzordu hau. Autobus zerbitzua ere iragarri dute hurrengo larunbatean, Bizkaiko hiriburura joateko. Izena emateko aukera duzue jada, herriko lau tabernetan.

Sarek urtarrilaren 11rako Bilbon deitutako mobilizazio nazionala girotzeko Usurbilgo taldeak mus txapelketa antolatu du frontoian, larunbat honetan, urtarrilaren 4an.  Segidan dituzue txapelketako irabazleak:
-Lehen bikote sailkatua: Tximi eta Jimi. Sariak: bi lagunentzako otordua Aginaga sagardotegian.
-Bigarren bikote sailkatua: Imaz eta Aranburu. Saria: Bruño etxeko mariskada.
-Hirugarren bikote sailkatua:  Aitor eta Inaxio. Sariak: 2 Lumagorri oilasko eta botila bat ardo.
-Laugarren bikote sailkatua: Arantxita eta Kerman. Sariak: 2 Lumagorri oilasko eta botila bat ardo.


Errifa zozketa
Sarek eginiko errifa zozketako bigarren sariduna Usurbilen egokitu da. 71.597 izan da zenbaki saritua. June Landaluze izan da saritua. Lehenengo zenbaki saritua 13.018 izan da, Lizarraldean saldu zuten txartela. Hirugarren zenbaki saritua 34.624 izan da. Ean saldu zuten txartel hori.

Autobus zerbitzua
Gogoan izan, urtarrilaren 11n "Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza" aldarripean Bilbon egingo den manifestazio nazionala girotzeko baliatzen ari dira hitzordu hau. Hara joateko, gainera, autobus zerbitzua antolatuko du Usurbilgo Sarek. Dagoeneko izen-emate orriak jarri dituzte ohiko tabernetan: Txiribogan, Aitzagan, Txirristran eta Bordatxon.

"Urte garrantzitsua"
Balantze modukoa egiteko baliatu zuen Usurbilgo Sarek abenduaren 27ko urteko azken elkarretaratzea. "Urte garrantzitsua izan da etxerako bideari dagokionez, hamaika dira dispertsioaren amaierarekin batera espetxe ibilbideari ekin eta lege arrunta jarraituz etxerako bidea hasi duten euskal presoak. Balorazio ona egiten dugu noski honekiko, gatazkaren ondorioak amaitzea helburu dugun momentutik, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea izan dugu eta izango dugu jomuga".

Agurtzear dugun 2024. urte honetan, "biolentzia ezberdinen biktimei dagokionez ere, izan dira aurrerapausoak, biktimek merezi duten egia eta aitortzaren bidean pauso nabariak ikusi baititugu. Etxerako bidean zein biktimen egia edo aitortzan, ordea, bide luzea dugu egiteko oraindik, gatazkak utzitako ondorioek ondorio izaten jarraitzen baitute".

Pausoetan sakontzea
2025eko erronkei dagokienean, "aurrez emandako pausoetan mantendu eta pauso horietan sakontzea" aipatu zuten, "2024an ezarritako bide-orriari jarraiki, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean aurrerapausoak ematen jarraitu nahi baitugu biolentzia ezberdinen biktimen egia eta aitortzarekin batera".

Urte berrirako lehen deialdiak iragarri zituen Usurbilgo Sarek. Garrantzitsuena, Bilbon hilaren 11n egingo den mobilizazioa. "Beste behin, Bilbon behin betiko bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren alde egingo dugu, biolentzia ezberdinen biktimek behin betiko egia jakin eta aitortza jaso dezaten aldarrikatuko dugu eta noski, euskal preso, iheslari eta deportatuen behin betiko etxeratzearen alde mobilizatuko gara", iragarri zuten.

Sareren datozen deialdiak
Urtarrilaren 11ra arte
Urtarrilaren 11ko Bilboko manifestaziora joateko Usurbildik antolaturiko autobus zerbitzuan izen-ematea ohiko tokietan: Txiribogan, Aitzagan, Txirristran eta Bordatxon.

Urtarrilak 11, larunbata
15:00 Sareren Bilboko mobilizaziora joateko autobus zerbitzua Oiardo kiroldegitik.
17:00
Sareren mobilizazioa Bilboko La Casillatik.

Urtarrilak 31, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Deitzailea: Usurbilgo Sare.