Orain arte, 6 urtera arteko haurrek doan erabili zitzaketen garraio zerbitzu publikoak. 2025. urte honetatik aurrera, ordea, 6-12 urte artekoek ere doan sartu ahalko dira Euskotren edota Lurraldebusen zerbitzuetan. Guztira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 130.000 gaztetxok izan dezakete erabaki honen onura.
Izan ere, Euskadiko Garraio Agintaritzak urte amaieran eginiko bilkuran erabaki horixe hartu zuen; 6-12 urte artekoek garraio zerbitzuak doan izatea, urte honetatik aurrera. Oraindik ez dute jakinarazi doakotasun hori ze egunetan sartuko den indarrean Gipuzkoan, baina "doakotasunaz gozatzeko, adingabeek txartel pertsonalizatua izan beharko dute, beren bidaiak zero kostuan baliozkotze aldera, beren lurraldean neurria abian jartzerakoan".
Horretarako, prestaketak bideratzen hasiak direla jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Astearte honetatik, urtarrilaren 7tik aurrera, 6-12 urte arteko gaztetxoon guraso edo tutoreek eskatu ahalko dituzte “Bat, Barik eta Mugiren arreta-bulegoetan, hilabete horren amaieratik otsailaren hasierara lurraldeka ezarriko den doakotasuna baliatzeko behar diren txartel pertsonalizatuak”. Jada txartela duten adingabeek ez dute inolako tramiterik egin beharko. Gure kasuan, Mugi txartelari buruzko informazio gehiago mugi.eus atarian jaso ahalko duzue.
%50eko deskontuen segida
Bestalde, orain arte indarrean ziren garraio publikoko %50eko hobariak mantentzea erabaki du Euskadiko Garraio Agintaritzak beste sei hilabetez gutxienez. Honenbestez, iaz bezala, datozen hilabeteotan ere hobari horietaz gozatzen jarraitzeko aukera izango da. "Estatuko araudiak ezartzen duenez, gobernu zentralak bere gain hartzen du deskontuaren kostuaren % 30, baldin eta toki-administrazioek gainerako % 20a ordaintzen badute. Euskadin, Eusko Jaurlaritzak, orain arte, % 10 hartu du bere gain, eta probintzia- edo udal-administrazioek eta -operadoreek gainerako % 10a", azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik.