Urdaiagara lehenik eta handik behera udalerrian barrena eginiko biraren ondotik heldu dira frontoira Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak. Ibilbidea traktore gainean osatu ostean jaitsi dira handik Mikel Laboa plazan. Inguratuak zituzten herritarrak agurtuz sartu dira frontoian, argiztatze lanetan bidelagun izan dituztenekin.
Frontoian egindako harreran oholtza gainetik hitza hartzeko aukera izan dute hiru protagonistek. “Txintxoak izan al zarete?”, galdetu diete pilotalekua betetako gaztetxoei eta helduei baita. Aho bateko baiezkoa eman diete.
Erregeek “oparirik hoberena, guk ekarritakoa elkarrekin partekatzea” izango dela gogorarazi dute. Estreinatu berri dugun urtera begira, egin dezakegun hoberena “urte osoan zehar, elkar maitatzea, elkar errespetatzea eta elkarri laguntzea”, dela ere gaineratu dute.
Haien mezua zabalduta, oholtzatik jaitsi eta erregeekin egoteko aukera izan dute gaztetxoenek ekitaldi amaieran.