Gabonak

Traktore gainean eta gozoki zaparrada artean heldu dira erregeak

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 5a, 20:37

Urdaiaga aldetik behera heldu dira traktore gainean Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak, hego-haizea tarteko giro epelarekin eta gozoki zaparrada artean.

Euririk gabe eta giro epelean heldu dira erregeak gure artera. Eroso asko, traktore gainean egin dute Baltasar, Meltxor eta Gaspar erregeek Usurbilen barrena osaturiko ibilbidea.

Urdaiagatik behera abiatu dira ilundu aurretik. Santuenea eta Bizkarre paretik igarota barneratu dira gero, herri erdigunean; Eguzkitzaldea, Artzabal, Munalurra, Atxegalde eta Kale Nagusia zeharkatu dute geldialdirik egin gabe. Bidean, gozoki zaparrada etengabekoa izan da eta haien bueltan, herrikide harrapakari iaio asko ibili dira.