Haizeagatik abisu horian berriz, gauerditik aurrera

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 7a, 07:44

Igandean, hilerri inguruko bidean eroritako zuhaitza, herrikide batek helarazitako ondoko argazkian.

Euskal Herriko beste lurralde batzuetan haizeagatik alerta laranjan izango diren arren, inguruotan abisu horian izango garela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Asteburuan gertatu bezala, berriz ere haizeagatik abisu horian izango gara asteazken honetan, urtarrilaren 8an. Hala ohartarazten ari da Euskalmet meteorologia agentzia. "Hego-mendebaldeko haize boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete" haizeguneetan egun osoz, gaur gauerditik aurrera. Bestalde, gaur gauerditik asteazken arratsaldeko 15:00ak arte, haizeguneak ez diren tokietan ere abisu horia izango da indarrean. "Hego-mendebaldeko haize boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete" eremu horietan.

Gauerditik aurrera, indarrean izango diren bi abisu horien horien aurreko orduotan, Euskalmet-en arabera, "zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egin lezake noizbehinka" Usurbilen. Horrez gain, "hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin egunaren bigarren partean. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira".

Asteazkenean, hilaren 8an, "egunaren erdiko orduetan eta arratsaldean zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da. Arratsaldean euria egin lezake. Hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura minimoak nabarmen edo asko igo eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Ostegunean, "zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egingo du, batez ere arratsaldean. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin, batez ere hasieran; arratsaldean tarteka mendebaldetik edo ipar-mendebaldetik joko du. Tenperatura gutxi jaitsiko da".

Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso dezakezue.

Zuhaitz erorketak
Gogoan izan, igandean, urtarrilaren 5ean ere, haizeagatik abisu horiaren eraginpean egon ginela. Haize-bolada gogorren ondorioz, hain zuzen, zuhaitz bana erori zen, hilerri inguruko bidean eta baita Usurbil Oriorekin lotzen duten trenbideko katenaria gainean.