Berriz ere haizea bizi asko dabil. Izan ere, abisu horian gara gauerdiaz geroztik. Euskal Herriko beste lurralde batzuetan alerta laranjan diren arren, geure inguruan abisu horian egongo gara egun osoz haizeagatik. Euskalmet meteorologia agentzia ohartarazten ari denez, haizeguneetan "hego-mendebaldeko haize boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete" egun osoz. Haizeguneak ez diren tokietan, aldiz, "hego-mendebaldeko haize boladek 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete" asteazken arratsaldeko 15:00ak arte.
Giro honekin, asteazken honetan, urtarrilaren 8an, "hodeiak ugarituz joango dira eta arratsaldean euria egin dezake, batez ere hasieran. Hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira". Ostegunean, hilaren 9an, "zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egingo du, batez ere arratsaldean. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin, batez ere hasieran; arratsaldean tarteka mendebaldetik edo ipar-mendebaldetik joko du. Tenperatura gutxi jaitsiko da". Ostiralean, urtarrilaren 10ean, "egunaren hasieran hodeiak ugaritu egingo dira eta gainerako orduetan zerua oso hodeitsu egongo da. Arratsalde-gau partean euria egingo du. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoak gutxi igoko dira".
Informazio eguneratua euskalmet.eus bidez jaso ahalko duzue.