Bi aldaketa, Bidez Bide zerbitzuan

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 9a, 08:52

Bidez Bide zerbitzua egokitu egin duela ohartarazi du Usurbilgo Udalak.

Usurbilgo herri erdigunea landa eremuarekin lotzen duen Bidez Bide zerbitzua egokitu egin duela jakinarazi du Udalak. Urte aldaketarekin batera, bi aldaketa txertatu dituzte, Udalak Behemendi Landa Garapenerako Elkartearen bidez eskaintzen duen landa eremuko bizilagunentzako garraio egokituko zerbitzuak. "Aldiro egiten da zerbitzua egokitzeko ahalegina, garaian garaiko beharrei eta joerei erreparatuta, eta hala izan da oraingoan ere", zehaztu du Udalak.

Honenbestez, txertaturiko aldaketei dagokienean, "batetik, Usurbilgo kaxkotik etxera edo baserrira joateko, Kalezar-Arratzain-Aginaga ibilbidea hasteko ordutegiak mantenduko dira betiko tokian (kaxkoan) eta orduetan (07:30, 10:30, 13:30, 15:30 eta 19:00). Ordu horietan, eremu horietako erabiltzaileren bat geltokian badago, zerbitzu pertsonalizatua eskainiko da, eta kaxkotik bere etxera edo baserrira eramango da. Geltokian erabiltzailerik ez badago, ordea, ez da ibilbidea egingo", berri eman du Udalak.

Bigarren aldaketaren nondik norakoak ere zehaztu ditu Udalak. "Bestetik, eremu horretako etxe edo baserrietatik kaxkora jaisteko, erabiltzaileek aldez aurretik eskatu beharko dute zerbitzua, gutxienez egun bat lehenago, betiere ohiko ordutegien barruan (07:30, 10:30, 13:30, 15:30 eta 19:00). Bidez Bide zerbitzura telefonoz deitu beharko dute horretarako: 630 643 596".

Bidez Bide zerbitzuaren erabiltzaileak ohikoak direnez, aldaketa hauen berri indarrean jarri aurretik jaso zutela oroitarazi du Udalak. "Bidez Bide zerbitzuaren erabiltzaileak ohikoak izaten dira, eta aldaketak martxan jarri aurretik jakinarazi zizkieten. Horrez gain, dena den, gutun bana bidaliko da eremu horretako etxe eta baserrietara, aldaketen berri eman eta zerbitzuaren telefono zenbakia eskura izan dezaten".

Bi aldaketa hauek salbu, "gainerako ibilbideek bere horretan funtzionatzen jarraituko dute", Udalak argitu duenez. Hori hala izango da oraingoz. Izan ere, "epe motzean, berriz moldatu beharko da Bidez Bide zerbitzua. Egun zehatza ezagutzen ez bada ere, laster hasiko dira, Txokoalden, Altzonazko zubiaren obrak, eta horrek erabat baldintzatuko du auzotarren eguneroko mugikortasuna. Eguneroko behar horiek ezagutzeko galdetegia osatu zuen udalak, eta auzotarren ekarpenak jasota, besteak beste, Bidez Bide zerbitzuan zenbait moldaketa egingo dira".

Informazio gehiago, esteka honetan: Bidez Bide Zerbitzua