Elkartearen 50. urtemuga honetan, bilgunearen sortzaileak oroitu eta eskertu dituzte NOAUA! bidez; Yuste Errekondo, Miren Errekondo, Agate Errekondo, Mertxe Aizpurua eta Kolumba Aginaga. Urte askoan ordezkari gisa aritu da baita Patxi Arruti eta haren bidez jakin genuen, Benantxio Otaegi Usurbilgo apaiz ohiak ere bilgune honen abiatzean parte hartu zuela. Haietatik bi izan ziren, ordea, aitzindariak. "Yuste eta Miren Errekondo ahizpak Donostiara joaten ziren odola ematera. Han esan zieten, zergatik ez zarete zuek hasten Usurbilen?". Esan eta egin. Lehenengo urte hartan, 1974an, odol-emate bakarra antolatu zuten. Estreinako hitzordu hartan, 25 lagunek eman zuten odola. Horrekin batera, diru bilketari ekin zioten. "Dirurik ez eta enpresetara joaten ziren diru eske. Batzuk ematen zuten, beste batzuk ez". Odol-emate egunetarako jatekoa ere haiek sukaldatzen zuten.
Hiru egoitza
50 urteotan hiru egoitza izan ditu odol-emateak; Gaztelekuaren kokagunea, osasun-etxea eta covid19ak eragindako 2020ko osasun krisialditik Udarregi ikastola. Ikastolan daudenetik, gainera odola emateko txandaren ordu zehatza aurrez jasotzen da, "hartara jendeak gutxiago itxaron behar izaten du. Batzuk lehen ordubete edo gehiago itxaron behar izaten zuten", adierazi digute, egun, elkartearen dinamikaz arduratzen diren eta 2022ko jaien hasieran jasotako herri aitortza poztasun handiz oroitzen duten Agustina Ariztik, Mari Jose Kortak, Gero Tenak eta Marisol Unanuek. Agustinak oroitarazi digu, nola lehen, banan-bana deitzen zieten telefonoz hitzorduaz ohartarazteko.
Eragile berriak behar
Hurbilekoengatik edota lantokian hasi ziren odola ematen aipatu bilguneko kideok. Elkartearen sustatzaile izatera igaro ziren, aurrekoei lekukoa hartu zietela, edota odola eman ezinik geratu eta beste modu batean ekarpena egiteko borondateak bultzatuta hasi zirela auzolanean azaldu digute. Ordutik hona, argi esan digute, protokoloak nola zorroztu diren. "Gehiago aztertzen da emandako odola". Etorkizunerako bi erronka nagusi dituzte buruan; batetik, erreleboarena. "Uzteko garaian gaude", oroitarazi digute. Kide berriak hurbiltzeko deia egin dute. Urteko sei odol-emateak antolatu, gainerako ordezkariekin urteroko bilkura egin edota udal dirulaguntzen tramiteak dira egin beharko liratekeen lanak. Hitzorduotarako jasotako laguntza eta laguntzaileak eskertu nahi dituzte lerroon bidez; Alkartasuna kooperatiba, Aizpurua okindegia, Artzabal jatetxea eta baita Usurbilgo Udala ere.
Emaile berrien bila
Bestalde, azken urteotan odol-emaile kopuruan izandako murrizketa irauli nahi dute. Odola ematera deitu dute. "Eskuzabalik hartuko ditugu emaile berriak", adierazi diote NOAUA!ri. Gogorarazi digutenez, "sekulakoa egiten da odola ematen duzunean. Falta duzunean jabetzen zara. Gauza handia da ospitalean egon, odola behar izan eta hantxe izatea". Horrez gain, "oso zurea den zerbait ematen duzu" eta horrek ematen duen asetasuna azpimarratu dute eta norbera ere nola dagoen ikusteko aukera ederra izaten dela, gainera. "Jasotako odola aztertzerakoan arazoren bat egonez gero, emaileari jakinarazten zaio".
2011. urtera arte 10.000 odol emate izan ziren Usurbilen. Iaz arte, mende erdi honetan, 13.400 inguru. Beherakada izan da azken urteotan baina "ez Usurbilen soilik, murrizketa orokorra da". Iaz, adibidez, bataz bestekotik urrundu direla zioten. Izan ere, "Usurbilen 40 emaile beharko lirateke saio bakoitzean, urtean 240. 2024an urruti ibili gara, nahiz bi hilabeteetan bataz bestekoa gainditu dugun". Zer ikusirik ez, esaterako, 90. hamarkadako datuekin. "Urteren batean 400 emanaldi izan ziren. 300etik gora izatea zen ohikoena". Halere, Gipuzkoako ordezkaritzatik "Usurbil herri emaile ona izan dela" adierazi izan diete beti herriko elkartekoei. Emaile izan direnei eta direnei eskerrak helarazi nahi dizkiete lerroon bidez, herrikide berriak odola ematera animatzearekin batera. Hemen, azken hamarkadako odol-emateen zenbakiak:
• 2011: 266.
• 2012: 340.
• 2014: 311.
• 2016: 293.
• 2017: 253.
• 2018: 253.
• 2019: 227.
• 2020: 212.
• 2021: 205.
• 2022: 218.
• 2023: 204.
• 2024: 183 emate. 125 emaile, 5 emaile berri.