Gipuzko Buru Batzarra (GBB) berritu dutenetik, alderdi jeltzalea erronka politikoei aurre hartzeko estrategia lantzen hasi da Buruntzaldean. Horretarako, "hiru helburu nagusi finkatu ditu Gipuzkoako EAJ-PNVren zuzendaritzak: batetik, lurraldeko lehen indarra izatea. Bestetik, aldaketarako eta berrikuntzarako eragile izaten jarraitzea eta, azkenik, abertzaletasunaren etorkizuneko erronkei erantzunak ematea, ikuspegi ireki eta zabalagoa oinarri duelarik".
Benetakotasunaren aldeko apustu politikoa
Maria Eugenia Arrizabalaga GBBko presidenteak, egungo egoera politikoaren diagnostikotik abiatuta, proiektu politiko berritua osatu nahi du, "bailarako erakundeetako ordezkarien partaidetzarekin aberastuta". Arrizabalagaren esanetan, "populismoa eta demagogia dira demokraziak mundu mailan dituen arrisku handienak, eta Gipuzkoa ez da horren salbuespena". Are gehiago, "polarizazioa eta desinformazioa sustatu ditzake". Honen aurrean, "benetakotasuna" defendatu behar dela dio EAJ-PNVk, "errealismotik eta eguneroko lanetik herria eraikitzeko, alderdiaren betiko nortasuna erreibindikatuz, baina izaera berritzaile batekin".
"Mutur bateko eta besteko sektarismoari langa jarri behar zaio"
Maria Eugenia Arrizabalaga GBBko presidente berriaren ustez, “aurrea hartu behar diegu euskal gizartean eskuartean dituen erronkei, eta horretarako modu proaktiboan jardun beharra dago". Ponentzia berriak jasotzen dituen aukerez baliatuta, gizarte-, kultura- eta ekonomia munduko eragileekin sare berriak eratzeko konpromisoa hartu du Arrizabalagak: “gure ikuspegi abertzalea maila guztietara zabalduz, herria maitatuz, herritar guztiak errespetatuz eta herrigintza eraginkorra eginez, bai epe motzeko arazoei erantzuteko bai epe luzera begira jarriz, mutur bateko eta besteko sektarismoari langa jarriaz”.