Martxoaren 1ean

Datorren Inauteri Festarako mozorrotzeko gaia, zuen esku

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 9a, 12:10

Martxoaren 1ean ospatuko dugun Inauteri Festan zer mozorrorekin murgildu nahi duzue jai giroan? Oraintxe duzue, jaiegun horri begirako proposamenak egiteko aukera.

Gabonak igarota, negu parteko hurrengo ospakizunei begira gara jada NOAUA! Kultur Elkartean. Bigarren urtez otsailean egingo dugun Kulturaldiaren ostean helduko dira inauteriak.

Aurtengo jaialdia, martxoaren lehenean eta haren bezperan, otsailaren 28an ospatuko dugu Usurbilen. Ez da faltako musikarik, ezta dantzarako aitzakiarik ere. Jaialdi koloretsu eta bizia izango da ziur, irudimenik falta ez zaion herri honetan.

Eta zuek, zertaz mozorrotu nahi zenukete? Iaz bezala, gaia zuen esku. Zuek izango duzue zer nolako jantziez mozorrotu erabakitzeko azken hitza. Proposamenak egiteko aukera duzue egunotan, bideotatik: elkartea@noaua.eus helbidera email bat bidalita, edota whatsapp mezu bat helarazi dezakezue 688 807 336 telefono zenbakira.

Azken urteotan izan ditugun mozorrotzeko gaiak edo aitzakiak ez errepikatzearren, gogora dezagun azkeneko bi hamarkada pasatxo hauetan jaialdi honetarako hautatu direnak:

Aurreko Inauteri Festetan...
2025/3/1: ??.
2024: fauna.
2023: filmak.
2022: gai librean ospatu zen Inauteri Festa.
2021: osasun krisialdia tarteko, ez zen Inauteri Festarik antolatu.
2020: dantza.
2019: jolasak.
2018: ospetsuak.
2017: Ingurumena.
2016: lanbideak.
2015: ipuinak.
2014: Erdi Aroa.
2013: musika.
2012: mitologia.
2011: itsasoa.
2010: zirkoa.
2009: Olinpiar Jokoak.
2008: xomorroak.
2007: Brasil.
2006: marrazki bizidunak.
2005: Usurbil, Oesteko herri.
2004: Hollywood.
2003: munduko kulturak.
2002: extralurtarrak.