Bi aste eta erdi baino ez dira falta Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako. Antolatzaileak prestaketa lan betean dira. Sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, zehaztu dituzte parte hartzaileek osatzeko aukeran izango dituzten ibilbideak. Ohi bezala, bi izango dira; bat motza, bestea luzea. Motza, 23 kilometrokoa (+650 metro) eta luzea 32 kilometrokoa (+950 metro). "Motza, betiko moduan, denek disfrutatzeko modukoa. Luzea, teknikoagoa, igoera eta jaitsiera zailxeagoekin. Eta zuk, zein egingo duzu?", galdetu dute antolatzaileek sare sozialen bidez.
Izen-ematea zabalik
Gogoan izan, zabalik segitzen du 2025eko Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako izen-emateak. Urtarrilaren 26rako antolatu dute. Ohi bezala, parte hartzaileak goizeko 9:00etan abiatuko dira Mikel Laboa plazatik bizikleta gainean Andatzako itzulia egitera. Antolatzaileek oroitarazi moduan, ekimen hau "zeharkaldi ez lehiakorra da. Bere helburu bakarra partaideek Andatza mendiaz eta ezaugarritzen gaituen giro ederraz disfrutatzea da".
Zeharkaldi horretan zehar, "anoa gune handi bat egongo da eta amaieran, frontoian beste bat" .
Antolatzaileek argitu dutenez, bestalde, bizikleta elektrikoarekin parte hartu ahalko da.
Txalekoa doan
Izen-emateari dagokionean, aipatu moduan, inskripzio epealdia zabalik da eta hala segiko du urtarrilaren 23ra arte, 30 euroren truke kronoak.com atarian. Izena ematen dutenek txaleko bat jasoko dute opari.