Zenbait dirulaguntza deialdien ebazpenak kaleratu ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 10a, 10:57

Norbanakoen bizilekuetan igogailuak instalatzeko nahiz Kabiene elkarlan gunean urtebetez proiektuak garatzeko dirulaguntza deialdien behin betiko ebazpenen berri eman du Usurbilgo Udalak.

Iazko bi dirulaguntza deialdien ebazpenak kaleratu ditu Usurbilgo Udalak, ostiral honetako, urtarrilaren 10eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Batetik, norbanakoek haien bizilekuetan igogailuak instalatzeko deialdiari lotutako ebazpena da plazaraturikoa. 2024ko urtarrilaren 19an argitaratu zituen Udalak "Usurbilgo udalerrian bi solairu edo gehiago izan eta nagusiki etxebizitzarako erabiltzen diren eraikinetan igogailua instalatzeko 2024 dirulaguntzen oinarriak".

Epealdi barruan, 40 eskabide egin ziren. Apirila amaieran, ordea, "erabakia ebatzi gabe geratu zen, igogailuak instalatzeko dirulaguntzaren partida handitzea aztertzeko baldintzapean".  Urrian, dirulaguntza lerro honetara beste 10.000 euro bideratzea erabaki zuen Udalak. Aurrez 10.000 euroko partida gordea zuenez, guztira 20.000 euro bideratu ditu deialdi honetara. Geroko hamar eguneko epealdian ez zen alegaziorik aurkeztu. "Halere, ebazpen-proposamena ez zenez bere osotasunean argitaratu, berriro argitaratu zen jendaurrean jarri zen 10 egunez. Iragarkia 2024ko abenduaren 3an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko 233. zenbakian. Jendaurreko epealdian ez da inolako alegaziorik izan". Ostiral honetan kaleratu du, azkenik, deialdi honen behin betiko ebazpena.

Hasiz Hazi
Bestalde, ostiral honetako, urtarrilaren 10eko aipatu aldizkariaren bidez, Hasiz Hazi beka deialdiari lotutako ebazpena ere plazaratu du Udalak. Gogoan izan, urtebetez Kabiene elkarlan gunean haien proiektua garatzea ahalbidetzen zaie ekintzaileei beka horren bidez, "lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat izan dezaten".

Deialdi honen baitan, eskabideak aurkezteko bi epealdi finkatzen ditu Udalak. 2024ko lehenengo epealdi hori urtarriletik maiatzaren 31ra artekoa izan zen. Tarte horretan, inork ez zuen eskabiderik egin. Bigarren epealdia, ekainetik irailaren 30era artekoa izan zen. Epealdi horretan bai, proiektu bat aurkeztu eta onartu zuen Udalak.


2024ko udal dirulaguntzen ebazpenak
Igogailuak instalatzeko dirulaguntza deialdia
Aurkezturiko eskaerak: 40.
Onarturikoak: 33.
Emandako dirulaguntza: 20.000 euro.

Hasiz Hazi beka deialdia
Aurkezturiko eskaerak: 1.
Onarturikoak: 1.
Emandako dirulaguntza: 1.742,40 euro.

Informazio gehiago: urtarrilaren 10eko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.