Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 2025-26 ikasturterako matrikulazio kanpainari buruzko xehetasunak plazaratu zituen asteazkenean, urtarrilaren 8ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez.
Bertan zehaztu zituen Jaurlaritzak, "Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 2025-2026ko ikasturtean izena emateko eskabideak aurkezteko egutegi komuna eta onarpen-epea, bai eta ikastetxe horietan ikasleak onartzeko jarraibideak ere".
Segidan duzue, eskaerak aurkeztu eta onartzeko prozesua zehazten duen egutegia. Bertan ikus daitekeen moduan, otsailaren 3an irekiko dute 2025-26 ikasturterako aurrematrikulazio epea.
Ate irekien eguna
Testuinguru honetan, ohi bezala, ate irekien eguna antolatu du Udarregi ikastolak urtarrilaren 25erako, larunbaterako. “Ikastolari buruzko informazioa jaso nahi baduzu edo gu ezagutzera etorri nahi baduzu, urtarrilaren 25an ateak irekiak izango ditugu”, udarregi.eus bidez iragarri dutenez. Hala egin nahi dutenek web orrialde horretan bertan duten formularioa osatu beharko dute. Informazio gehiagorako 943 36 12 16 / usurbil@ikastola.eus
Egutegia
-Urtarrilaren 31ra arte: Ikastetxeko Eskola Kontseiluak emandako puntuazioaren irizpideak zehaztea.
-Otsailaren 3tik 14ra: eskabideak eta egiaztagiriak aurkeztea.
-Otsailaren 14ra arte: eskabideak aldatu eta zuzentzea.
-Martxoaren 5a: eskatzaileen zerrenda argitaratzea (Martxoaren 13ra arte: kontsultak egitea eta erreklamazioak aurkeztea).
-Martxoaren 5a: onarpen-prozesuaren hasiera.
-Martxoaren 18a: behin-behineko zerrendak argitaratzea (Kontsulta: martxoaren 25era arte).
-Martxoaren 25era arte: behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak ikastetxeko Eskola Kontseiluan eta eskabidean atzera egitea.
-Apirilaren 15a: behin betiko zerrenden argitalpena (Kontsulta: maiatzaren 26ra arte).
-Apirilaren 25a: Hezkuntzako lurralde-ordezkariek esleitutako plazen zerrendak argitaratzea (Kontsulta: maiatzaren 26ra arte).
-Maiatzaren 26ra arte: behin betiko zerrendei eta lurralde-ordezkariak esleitutako lanpostuen zerrendei gora jotzeko errekurtsoak jartzea lurralde-ordezkariaren beraren aurrean.
-Maiatzaren 2tik 9ra: estatistika-datuak grabatzea. Halaber, irailean, Hezkuntza Saileko estatistika-unitateek adierazten dieten epean baliozkotu beharko dituzte matrikularen behin betiko estatistika-datuak, aplikazio informatikoan.
-Irailaren 12ra arte: itxarote-zerrendaren indarraldia, plazen erreserbaren iraunaldia eta ikasleak onartzen direla bermatzeko lurralde batzordeen indarraldia.