Txotx bolada berrian gara dagoeneko. Bildu ahal izan ditugun datuen arabera, inguruotako sagardotegi gehienak zabalik dituzue. Irekia dago Aginaga sagardotegia. Ostiral honetan, urtarrilaren 11n izan dute txotx irekiera Zubietako Iruinen, Santueneko Aialde Berrin eta Aginagako Urdairan.
Saizarren datorren ostegunean, urtarrilaren 16an egingo dute irekiera ekitaldia iluntzeko 20:00etan. "Perico Delgado, txirrindulari ohia, eta gaur egun kirol esatari ospetsua, izango da ohorezko gonbidatua", iragarri dute. Horrez gain, Andoni Egaña bertsolaria, Süne musika taldea, Korrontzi trikitilari eta dantzarien taldea, Manu Tenorio abeslaria, Oscar Terol umoregilea eta aurkezle lanak egingo dituen Julian Iantzi gonbidatu dituzte hitzordura. Dagoeneko hitzordurako lekua hartzeko aukerarik ez dago.
Zubietako Araeta izango da irekitzen azkena; urtarrilaren 7tik 23ra arte itxita izango dutela iragarri dute sare sozialen bidez. Hilaren 24an irekiko dute.
Erreserbak
Sagardotegi gehienetarako erreserbak online ere egin daitezke Sagardoa Route, Euskal Sagardoaren Ibilbidearen web orrialdean, sagardoa.eus atarian hain zuzen. "Berrikuntza dugu bilatzaile hau. Atarian bertan aurki daiteke eta gure beharren araberako bilaketa egiten laguntzen digu. Sagardotegian automatikoki mahaia erreserbatzeko aukera ere ematen du sagardoa.eus webguneak: sagardotegia aukeratu, mahaikide kopurua jarri, aurrerapena ordaindu eta klik batean mahaia erreserbatuta gelditzen da! Deirik egin edo emailik bidali gabe", berri eman dute Euskal Sagardoaren Ibilbidearen sustatzaileek. Haien esanetan, "sistema honek joan den urteotan arrakasta handia izan du gure bezeroen artean, eta aurten ere sagardotegi gehiago automatikoki erreserbatzeko aukera izango da!". Horretarako, lurraldeka sailkatutako Euskal Herriko 70 "sagardotegien bilatzaile bat dugu sagardoa.eus webgunean. Aurrerapena ordainduta erreserba modu automatikoan egiten da.
Sagardoa etxera
Otorduez gain, sagardotegietan dastatutako edaria etxeratzeko ere aukera izango da beste behin. Horretarako du zabalik Euskal Sagardoak, online denda. Bere "bereizgarri nagusia sagardo desberdinak eskaera bakarrean konbinatzeko aukera da: 130etik gora sagardo ditugu dendan, jendeak eskatu eta etxean jaso ahal izango dituenak".
Ildo horretan, "euskal sagardoaren upategiak produktuen dibertsifikazioan apustu handia ari dira egiten. Gaur egun, sagardo naturalaz gain, produktu ezberdinak ekoizten ari dira; adibidez, jatorri deituradun sagardoak, sagardo ekologikoa, apardunak, gastronomikoak, mono barietalak, egurrean ondutako sagardoak, izotzezko edo lupuluzko sagardoak eta sagarretik eratorritako beste edozein sagar muztio ere daude".
Esperientzia aberasgarriak
Sagardotegietako edari berriak dastatu edota etxeratzeko eskuratzeaz gain, guneok eginiko eskaintza geroz eta zabalagoa da eta horixe izan zuen hizpide Euskal Sagardoaren Ibilbidearen arduradun Amaia Zubeldiak txotx boladaren aste honetako aurkezpen ekitaldian. "Gure helburua da tokiko produktua balorean jartzea eta lehen sektoreari bultzada ematea, landa-turismoaren bidez".
Hala, aipatu webgunearen bidez, "Euskal Sagardoaren Ibilbidearen eskaintza osoa; irteerak, bisitak... Horiek denak ere erreserba daitezke". Esaterako, "bisita gidatuak, sagardogintza tailerrak, Albaola faktorian bisita, gaztandegian bisita, erlezaintza, Igartubeiti baserri museoa...", atari berean jaso daitezke xehetasun gehiago.
2025eko txotx bolada
Aginaga sagardotegia
Helbidea: Aginaga auzoa.
Telefono zenbakia: 943 36 67 10.
Web orria: https://aginagahotela.com/eu/sagardotegia/
Aialde-Berri sagardotegia
Helbidea: Santuenea 37.
Telefono zenbakia: 943 365 031.
Web orria: aialdeberri.eu
Araeta sagardotegia
Helbidea: Berridi bidea 22, Zubieta.
Telefono zenbakia: 943 362 049.
E-posta: araeta@araeta.com
Web orria: araeta.com
Arratzain sagardotegia
Helbidea: Arratzain Bide kalea, 21.
Telefono zenbakia: 623 460 819.
E-posta: info@arratzain.eus
Web orria: arratzain.eus
Iruin sagardotegia
Helbidea: Petritza bidea 12, Zubieta.
Telefono zenbakia: 943 361 229.
E-posta: info@iruinsagardotegia.com
Web orria: iruinsagardotegia.com

Saizar sagardotegia
Helbidea: Kalezar, 39.
Telefono zenbakia: 943 37 39 95/ 943 364 597.
Web orria: www.sidrassaizar.com
E-posta: sidreria@sidrassaizar.com
Urdaira sagardotegia
Helbidea: Urdaira baserria, Aginaga.
Telefono zenbakia: 943 372 691.
E-posta: info@urdairasagardotegia.com
Web orria: urdairasagardotegia.com