50 urte

50. urtemugako odol-ematea gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 13a, 07:00

50 urte betetako Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak urtemuga berezi honetako odol-ematea deitu du astelehen honetarako. Gogoan izan, bi hileroko hitzorduarekin batera, erakusketa eta bazkari bana antolatu ditu.

Mende erdiko ibilbidea osatu zuen iaz Usurbilgo Odol-Emaileen Elkarteak eta ospatzera doaz gaurtik hasita hain zuzen, datorren hamabostaldian.

Izan ere, bi hilean behin egokitzen den hurrengo odol-ematea astelehen honetan, hilaren 13an izango da. Gaur bertan, erakusketatxo bat ikusgai jarri asmo dute Sutegiko erakusleihoan bi astez. "Odolaren historia, odolak emailearengandik gaixoarengana egiten duen bidea eta etorkizuneko berrikuntzak, erronkak eta Usurbilgo ordezkaritzaren egoera" hizpide izango dituzte, kultur-etxean kokatuko dituzten paneletan. Etorkizuneko berrikuntzen artean da, hain zuzen, odolaz gain plasma ematearena. "Ebakuntzetan geroz eta gehiago erabiltzen da", berri eman digute lerrootako protagonistek. Plasma ez dute, ordea, Usurbilen jasotzen. Donostiara joaten behar izaten da. "Usurbildik joaten dira batzuk", berri eman digute. Aipatu Sutegiko erakusketako panelek QR kode bana izango dute, xehetasun gehiago jaso nahi dituenarentzat. 

Bi asteko erakusketa hau, bazkari batekin borobilduko dute urtarrilaren 26an, aurten Artzabalen. Otorduan zehar, urteroko oroigarriak banatuko zaizkie odola 25, 40 eta 60 aldiz eman dutenei. Zortzi izango dira aurtengo herrikide omenduak.

Odol-emaileen elkarteak 50 urte
Urtarrilak 13, astelehena
16:30-20:10 Odol-ematea Udarregi ikastolako erdiko aretoan. Odola emateko bete beharreko baldintzak:
-Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.

Informazio gehiagorako: donantesdesangre.eus

Urtarrilak 13-26
Erakusketa Sutegin.

Urtarrilak 26, igandea
14:00 Bazkaria eta odol-emaileentzako oroigarrien banaketa Artzabalen. Izen-ematea, urtarrilaren 20a baino lehen, bi telefono zenbakiotako batean: 943 363 102 (Agustina) / 619 125 644 (Mari Jose). Prezioa: 32 euro.

Antolatzailea: Usurbilgo Odol-Emaileen Elkartea.