Txotx 2025

1,3 milioi litro Euskal Sagardo 46 sagardogietan

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 12a, 12:52

Txotx bolada berriari buruzko xehetasunak eskaini ditu Euskal Herriko sagardogintzako sektoreak egunotan. Iazkoa baino uzta txikiagoa izan da, baina "izaera handiagoko sagarra etorri da".

Sagardotegiak ireki eta sagardo berria dastatzeko denboraldi berrian murgildu gara dagoeneko. Txotx garai berri honek uzta txikiagoa dakar, baina izaera handiko sagardoak. "2024ko uzta aurrekoa baina txikiagoa izan da kopuruz. 2023. urtean uzta handia izanda 2024an txikiagoa espero zitekeen; eta aurreko neguko hotz eskasiak are eta txikiagoa eragin dute. Aurreko urtearekin alderatuta %60 sagar gutxiago izan da Euskal Herriko sagastietan, lurraldez lurralde eta zonaldez zonalde aldeak izan badirela ere", berri eman du egunotan sagardogintzan diharduen sektoreak jendaurreko aurkezpen ekitaldian.

Halere, "kopuru murritzagoa izanda, izaera handiagoko sagarra etorri da eta beraz izaera handiagoko Euskal Sagardoak izango dira aurten sagardotegirik gehienetan, gorputz eta kolore aldetik". Zehaztu dutenez, "kolore eta gorputz gehiagokoak izango dira orokorrean, luzera bilakaera oso ona izango duten sagardoak gehienak".

46 sagardotegietan
Zenbakitan, 1,3 milioi sagardo litro inguru ekoitzi dira Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren egiaztapenarekin. 46 sagardotegietan dastatu ahalko da Euskal Sagardoa eta gehiago izan daitezke etorkizunean. Izan ere, "Iparraldeko sagardogileak 2025eko uztan Euskal Sagardoan sartuta egotea espero da eta Nafarroakoak ondoren".

Horrez gain, "azken urteetako bidea jarraituta, Euskal Sagardo desberdinak izango ditugu merkatuan: kapsula gorri eta doratukoak batetik, baina sagar mota jakinez eginak, sagasti bakarreko sagarrez eginak, egurrean onduak, apardunak, izotzezkoak eta suzkoak... aukera geroz eta zabalagoa aurkitu ahal izango du kontsumitzaileak merkatuan eta kalitate geroz eta handiagoa. Izan ere bertako sagarrean egiten ari den lan guztia nabarmentzen da Euskal Sagardoan ondorenean. Eta lan hori guzti ezagutu eta gozatzeko aukera ezin hobea da Txotx deboraldia, Bertako Plazerra. On egin!".

Zenbakitan
-1,3 milioi litro inguruko sagardo ekoizpena Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren egiaztapenarekin.
-Aurreko urtearekin alderatuta, %60 sagar gutxiago.
-Euskal Sagardoarekin ekoitzi duten sagardotegiak: 46 (42 Gipuzkoan, 3 Bizkaian eta 1 Araban).
-Euskal Sagardorako sagarra ekoizten duten sagargileak: 250.
-Euskal Sagardorako erabilitako lur-eremua: ia 500 hektarea.
-Euskal Sagardorako 2024an bildutako sagar kopurua: 2 milioi kilo pasa.