Txotx 2025

"Malus Bat", Euskal Sagardoaren hedapenerako plan estrategikoa

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 12a, 12:46

Sagardogintzan diharduen sektoreak egunotan egindako jendaurreko aurkezpenean, abiatu berri den txotx boladari nahiz aurrera begirako erronkei buruz mintzatu dira. Hemen, eragile edota erakunde ezberdinetako ordezkariek ostegunean Donostian eginiko ekitaldian esandakoak.

Euskal Sagardoa Jatorri Deitura izendapena Euskal Herri osora hedatzeko erronka dute haren sustatzaileek. Horixe irudikatu nahi izan dute egunotan, txotx denboraldi berria jendaurrean aurkezteko "bertako plazerra da sagardoa" aldarripean eginiko Donostiako ekitaldian.

"Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogileez gain, Nafarroa eta Iparraldekoak ere" egon ziren osteguneko hitzordu horretan. "Izan ere, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabak osatzen duten Euskal Sagardoa Iparraldera zabaltzeko bidea martxan da eta behin hori lortuta, Nafarroa sartzeko konpromisoa ere lotua dago".

Horregatik, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren barruan, herrialde guztietako sagar eta sagardo sektoreak bateratzeko egiten ari den lana irudikatu eta azaldu nahi izan dute aurtengoan eta horretarako, herrialde guztiotako ordezkariek hartu zuten parte urtarrilaren 9ko ekitaldian. Herrialde bakoitzeko kupel bat kokatu zuten hitzordurako, herrialde bakoitzeko sagardoa dastatu ahal izateko. Bertan, Euskal Herriko sagardo sektoreak Euskal Sagardoari lotutako datu orokorren eta erronken berri eman zuten.

"Gorputz dezentekoa aterako da, usaintsua"

Txotx denboraldi berri honetarako ekoizpenaren balantzea egin zuen Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren lehendakari Maite Retolazak. "Aurten bi milioi kilo sagar bildu ditugu eta horrek 1,3 milioi litro inguru emango ditu. Iazkoarekin alderatuta, erdia baino zerbait gutxixeago, baina nahikoa bada", berri eman zuen. Kopuru gutxiago izateari esker, halere, "gorputz dezentekoa aterako da, usaintsua. Hori bailararen arabera aldatu egingo da. Toki bakoitzak bere ukitua izango du eta onena kupeltegi bakoitzera joatea izango da dastatzeko", egin zuen gonbita.

"Antolakuntza handi bat egin beharko dugu"
"Malus Bat" plan estrategikoa hartu zuen ahotan, bestalde, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren koordinatzaile Unai Agirrek, sektore barruko lankidetzatik "hurrengo hemezortzi hilabeteetan Euskal Herria lotuko duena", iragarri zuenez. Bere esanetan, "ez da proiektu erraza, polita bai".

Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko jatorri deituraren egitasmora Iparraldea lehenik eta Nafarroa geroago batzeko egitasmoa abian dute. "Hori guztia ondo antolatzeko proiektu bat dugu; Malus Bat izena jarri dioguna. Euroeskualdera ditulaguntza eskatu dugu eta onartu egin digute", Agirrek berri eman zuenez. Honenbestez, datorren urte eta erdian "Euskal Herriko eragileek bilera mordoa eta antolakuntza handi bat egin beharko dugu, juridikoki etorkizuneko jatorri deitura hori nolakoa izango den ikusi eta erabakitzeko eta, bestalde, plan estrategikoa martxan jarri eta zabaltzeko". Horregatik, garrantzitsutzat jo duen urte honetako txotx denboraldi hasieran aurkezpena egitasmo hau aurkezteko baliatu nahi izan zuten. "Datozen hilabeteetan berri gehiago emango dizkizuegu", iragarri zuen.

"Lanean segi behar dugu"
Erakundeetako ordezkariek ere hartu zuen hitza aurkezpen ekitaldi berean; tartean, Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredok. Ekoizpen garai zaila izan arren, "emaitza bikaina" dastatzeko moduan izango garela nabarmendu zuen, sektorea zoriontzearekin batera; "produktu bikaina eta kalitate gorenekoa izango da".

Aurrera begira, adierazi zuenez, "lanean segi behar dugu" deskribatu zuenez, egungo profil kontsumo berrietara egokitzen den produktu osasuntsu eta natural hau ezagutzeko. Berriki, Japonian gertatu moduan, jatorri deitura hau mugez gaindikoa izango dela epe motzean eta horrek jada sagardoa "oso ondo baloratzen duten" nazioartean asko indartuko duela ziurtatu zuen, "erreferentean bilakatuko gaitu". Izan ere, "mundu mailako mugaz gaindiko lehen jatorri deitura izango da". Horrekin batera, urrats honek  "ekoizpen gaitasuna indartuko du".

"Herri proiektu bat"
Hitza hartu zuen baita, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Diputatu Xabier Arrutik. Sektorearentzako foru dirulaguntzak izan zituen hizpide, ez direla sagarrondoetarako soilik ohartarazi zuen, baita horien lanketarako eta sagarra biltzeko tresneriarentzat ere. "Dirulaguntza horietan traktorea erosi eta tresneriarentzako dirulaguntza bat" abiaraztea aztertzen ari direla berri eman zuen. "Ilusio gehiago egiten dit dirulaguntza horrekin jarraitzeak. Azken batean, gu bultzatzen ari garena, ez da proiektu sektorial bat, herri proiektu bat baizik. Gure asmoa behintzat, sektorea eta herri proiektu hori laguntzea izango da".

"Sektore oso profesionalizatua dugu"
Arabako Foru Aldundiko nekazaritza alorreko foru diputatu Noemí Aguirrek herrialde horren potentzialtasuna nabarmendu zuen. "Departamendutik sagarrondoen hektareak hazten segitzea da asmoa", azken urteon ildotik, "sektorea egiten ari den lan handiari esker edota ekoizpena sustatzeko dauden dirulaguntza lerroei esker". Horretarako, Aguirreren esanetan, "sektore oso profesionalizatua dugu, lurrazala dugu, klima baldintza egokiak ditugu. Apustua egina dugu eta potentziala argia da".

"Gure nortasun ezaugarrietako bat"
"Gipuzkoarren bereizgarritzat" jo zuen txotx denboraldia Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Diputatu Azahara Domínguezek, "txotxa gure nortasun ezaugarrietako bat delako zalantzarik gabe. Esperientzia hori, gure lurraldea bezala, garatuz eta garai berrietara egokituz joan da, baina bere esentziaren, tradizioaren eta benetakotasunaren izpirik galdu gabe, eta gainera, gipuzkoarroi bereizgarri zaigun kalitatea eta bikaintasuna zainduz egin du hori, lehen mailako lehengai baten eta sagardoaren munduko pertsona guztiok egunero egiten duzuen ahaleginaren eta lanaren ondorioz"; tartean, administrazio ezberdinek bideraturiko elkarbizitza sustatzeko sensibilizazio kanpainak goraipatu zituen, baita Gipuzkoa "erreferentziazko, kalitatezko eta ondo egindako helmuga turistikoa" izateko lanean ari direnak. Horri esker, "Gipuzkoa gaur egun erreferentziazko, kalitatezko helmuga turistikoan bihurtzen lagundu digu".

Txotx denboraldi berri honi begira, sagardotegietara joan etorriak modu jasangarrienean eta seguruenean egiteko deia egin zuen. Horretarako, "denboraldiak iraun artean, Lurraldebuseko zerbitzua indartuko dugu" asteburuetan. Aste barruan, bestalde, "taxi zerbitzua indartuko dela" berri eman zuen eta, beraz, "txotx denboraldi hau historikoki ondoen konektatua" egongo dena izango dela, Donostialdeko erregimen bereziko eremua abian jartzeari esker. "Gozatu ezazue modu seguruan eta arduratsuan txotx denboraldi honetaz", dei egin zuen Dominguezek.

"Bertako plazer hori da gu denon helburua"
Euskal kulturari estuki lotutako Euskal Sagardoa sustatzeko "elkarrekin jorratu behar dugu bidea" nabarmendu zuen, azkenik, Eusko Jaurlaritzako Ostalaritza eta Turismo Zuzendari Clara Navasek. Sagardoa oinarrizkotzat jo zuen, "eskaintza erakargarriak egin eta geure kulturaren zati hau erakusteko bisitatu nahi gaituztenei".

Sektorearen batasuna goraipatu zuen. "Plazerra da hemen egotea eta ikustea bat eginda gaudela, elkarrekin lanean, Euskadi eta sagardoa erakargarritasun turistikoen mapan jartzen". Izan ere, bere esanetan, "sagardogintzaren sektoreak helburu bakarra baitu, kalitatezko Euskal Sagardoa ekoiztea eta hori gure bezeroei eskaintzea". Ahal bezainbestengana heltzeko, "hainbat ekintza ere egingo ditu sektoreak urte osoan zehar", iragarri zuen, "azken finean, bertako plazer hori delako gu denon helburua eta guk zuengana iristeko daukagun bidea".