Lur Errekondo, "El Conquistador" saioko aurkezle gaurtik hirugarren urtez

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 13a, 08:18

ETB2 kateak astelehen honetan estreinatuko duen "El Conquistador" saioko denboraldi berria aurkeztuko du Lur Errekondok Patxi Alonsorekin batera.

Abenturazko lehiaketa saio ezaguna itzuliko da astelehen honetan, urtarrilaren 13an Euskal Telebistaren erdarazko katera; "El Conquistador" hain zuzen. Patxi Alonsorekin batera, Lur Errekondo arituko da aurkezle lanetan hirugarren urtez jarraian, Euskal Irrati Telebistak berri eman duenez.

Gogoan izan, 2023 eta 2024 urteetako edizioak ere aurkeztu zituen Usurbilgoak; duela bi urtekoa Julian Iantzirekin eta iazkoa, aurten egingo duen moduan, Patxi Alonsorekin. Aldez aurretik, 2022ko udazkenean egin zituen estreinakoz aurkezle lanak  ETB1 katean, antzeko abenturazko lehiaketan hain zuzen; "Naufragoak" izenekoan.

Lehiakideen aurkezpena
"El Conquistador" abentura lehiaketaren estreinako saioa izango da astelehen honetakoa. Gaueko 22:30etan hasiko da ETB2 katean. Gaur aurkeztuko dituzte nortzuk izango diren saioko lehiakideak.

Astero bi saio eskainiko dira; urtarrilaren 20tik aurrera, astelehenero lehiakideek biziko duten abenturaren gorabeheren berri emango dute eta asteazkenero, "debatea izango dugu gatazkak eta programaren unerik zirraragarrienak aztertzeko". Gaurko saioan jakinaraziko dute, debate horien aurkezlea nor izango den.

"Erronka berriekin"
"Badira bi hamarkada baino gehiago saioa emititzen hasi zela, eta reality show-en generoan erreferentziazko programa gisa sendotu da "El Conquistador"; urtero, publikoa harritzeko duen gaitasunaren esker, gainera, lider izaten jarraitzen du bere kategorian", Euskal Telebistak nabarmendu duenez.

Urteotan guztiotan, "naturaren erronkei ez ezik, elkarbizitzari ere aurre egin behar diete lehiakideek, erresistentzia fisiko eta emozionala agerian utzita. Ezohiko tokietan egindako muturreko probek milaka eta milaka ikusle liluratu dituzte". Gaur abiatuko den edizio berria, "erronka berriekin, paisaia ikusgarrienekin eta emozioz gainezka dator. Beste behin, denboraldi ahaztezina abiatzear da".