Usurbil Zabalik dirulaguntza lerroaren ebazpena kaleratu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 13a, 10:00

Lokal komertzial hutsetan jarduera ekonomiko berriak abiarazteko dirulaguntza lerroaren ebazpena plazaratu du Usurbilgo Udalak.

Lokal komertzial hutsetan jarduera ekonomiko berriak abiatzeko laguntza lerro bat ere badu Udalak, egitasmook martxan jartzeko lehen gastuak eta lehen bi urteko alokairu gastuak laguntzea xede duena. Aurtengo deialdiaren baitan, eskaera bakarra aurkeztu da, Iñurri minbiziaren aurkako elkartearena eta eskaera hau ontzat eman du Usurbilgo Udalak, astelehen honetako, urtarrilaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez berri eman duenez. Izan ere, irailean Usurbilen egin zuten jaialdiaren atarian NOAUA! bidez iragarri zuten moduan, bilgune honek egoitza fisikoa izango du aurrerantzean Usurbilen, Kale Nagusia 10 zenbakian. "Helburua da, espazio multidiziplinar bat izatea. Gure langilea egongo da bertan. Yoga onkologikoa, formakuntza, hitzaldiak... eskaini nahi ditugu. Batez ere, harrera hori eskaintzeko espazio bat izatea nahi dugu", Iñurri elkartetik NOAUA!ri adierazi ziotenez.

Beste bi ebazpen
Iazko bi dirulaguntza deialdien ebazpenak ere kaleratu zituen Usurbilgo Udalak,  urtarrilaren 10eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Batetik, norbanakoek haien bizilekuetan igogailuak instalatzeko deialdiari lotutako ebazpena da plazaraturikoa. 2024ko urtarrilaren 19an argitaratu zituen Udalak "Usurbilgo udalerrian bi solairu edo gehiago izan eta nagusiki etxebizitzarako erabiltzen diren eraikinetan igogailua instalatzeko 2024 dirulaguntzen oinarriak".

Epealdi barruan, 40 eskabide egin ziren. Apirila amaieran, ordea, "erabakia ebatzi gabe geratu zen, igogailuak instalatzeko dirulaguntzaren partida handitzea aztertzeko baldintzapean".  Urrian, dirulaguntza lerro honetara beste 10.000 euro bideratzea erabaki zuen Udalak. Aurrez 10.000 euroko partida gordea zuenez, guztira 20.000 euro bideratu ditu deialdi honetara. Geroko hamar eguneko epealdian ez zen alegaziorik aurkeztu. "Halere, ebazpen-proposamena ez zenez bere osotasunean argitaratu, berriro argitaratu zen jendaurrean jarri zen 10 egunez. Iragarkia 2024ko abenduaren 3an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko 233. zenbakian. Jendaurreko epealdian ez da inolako alegaziorik izan". Iragan ostiralean kaleratu zuen Udalak, azkenik, deialdi honen behin betiko ebazpena.

Hasiz Hazi
Egun bereko aipatu aldizkariaren bidez, Hasiz Hazi beka deialdiari lotutako ebazpena ere plazaratu zuen Udalak. Gogoan izan, urtebetez Kabiene elkarlan gunean haien proiektua garatzea ahalbidetzen zaie ekintzaileei beka horren bidez, "lanerako espazio bat ez ezik, baliabideak eta esperientziak partekatzeko leku bat izan dezaten".

Deialdi honen baitan, eskabideak aurkezteko bi epealdi finkatzen ditu Udalak. 2024ko lehenengo epealdi hori urtarriletik maiatzaren 31ra artekoa izan zen. Tarte horretan, inork ez zuen eskabiderik egin. Bigarren epealdia, ekainetik irailaren 30era artekoa izan zen. Epealdi horretan bai, proiektu bat aurkeztu eta onartu zuen Udalak.


2024ko udal dirulaguntzen ebazpenak
Usurbil Zabalik
Aurkezturiko eskaerak: 1.
Onarturikoak: 1.
Banatuko duten laguntza: 21.670 (kopuru horren barne, aurten onarturiko eskaerak jasotako laguntza baita iaz aurkezturiko beste hiru eskabideei bigarren urtez emandako dirulaguntzaren zenbatekoa).
Informazio gehiago: urtarrilaren 13ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.

Igogailuak instalatzeko dirulaguntza deialdia
Aurkezturiko eskaerak: 40.
Onarturikoak: 33.
Emandako dirulaguntza: 20.000 euro.

Hasiz Hazi beka deialdia
Aurkezturiko eskaerak: 1.
Onarturikoak: 1.
Emandako dirulaguntza: 1.742,40 euro.

Informazio gehiago: urtarrilaren 10eko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.