50 urte

"Milaka bizitza salbatu ditugu"

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 13a, 10:40

Sutegiko erakusleihoan ikusgai duzue Usurbilgo Odol Emaileen Elkartekoek bistaraturiko 50. urtemugako erakusketa.

Mende erdia bete du agurtu berri dugun 2024an, Usurbilgo Odol-Emaileen Elkarteak. Urte hasieran ospatuko dute, ordea, hamabostaldi honetan bertan. Izan ere, bi hilean behin egiten duten moduan, astelehen honetako, urtarrilaren 13ko odol-ematearekin batera albiste honi atxikia duzuen argazkian ikus dezakezuen moduan, zenbait panel kokatu dituzte Sutegiko erakusleihoan.

"Odolaren historia, odolak emailearengandik gaixoarengana egiten duen bidea eta etorkizuneko berrikuntzak, erronkak eta Usurbilgo ordezkaritzaren egoera" hizpide izango dituzte, kultur-etxean kokatuko dituzten paneletan, iragan asteko aldizkarirako aipatu bilguneko kideek eskainitako elkarrizketan azaldu zigutenez.

13.500 odol-emate
Batetik, Usurbilgo odol-emateei buruzko datu bildumaren berri jaso dezakezue. 13.500 izan dira mende erdi honetan udalerri honetan elkarte hau jardunean hasi zenetik. Horregatik, "milaka bizitza salbatu ditugu", nabarmendu dute urtarrilaren 26ra arte ikusgai izango duzuen erakusketan bertan.

Odola ematearen garrantzia, bizitzeko beharrezkoa dugun odolaz ere hainbat xehetasun ikasi ditzakegu irudi eta datuen bidez; tartean, zeintzuk diren odol motak edota historikoki odolak egindako ibilbidea nolakoa izan den. Odola emateko baldintzak zeintzuk diren ere gogorarazten digu erakusketatxoak, baita emailearengandik odol hori jasotzen duenarengana egiten duen bidea ere. Odola ematearen beharraz ohartarazten digu hizki larriz. "Transfusioa denon eskubidea, odola ematea denon ardura", dio bi astez Sutegin ikusgai izango duzuen erakusketak.