Sare

"Zuen indarra eta konpromisoa ezinbestekoak dira"

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 13a, 09:04

Argazkia: Sare.

Milaka lagun batu zituen larunbatean, urtarrilaren 11n Bilbon Sarek deitutako mobilizazio nazionalak.

Eragile sozial, sindikal eta politikoen babes zabala jaso zuen manifestazioak. EH Bildu, EH Bai, Junts, ERC, CUP, Més Per Mallorca alderdiek bat egin zuten manifestazioarekin; ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE, CGT, CNT eta ETXALDE sindikatuek; edota Bakebidean, Egiari Zor, Gure esku Dago, Paz con Dignidad, Harrera, Etxerat, Ernai, ANC, Omnium Cultural, Kataluniako abokatutzaren Koordinadora eragileek.

Eskertza mezua helarazi du Sarek sare sozialen bidez. "Eskerrik asko, euskal preso, iheslari eta deportatuentzako konponbidea aldarrikatzeko Bilbora etorri zareten guztiei. Zuen indarra eta konpromisoa ezinbestekoak dira behin betiko bakea, konponbidea eta elkarbizitza lortzeko". Helmuga horretara bidean, "denon artean lortuko dugu presoen eskubideak urratzen dituzten politikak baliogabetzea. Denon artean ekarriko ditugu etxera, erbesteratuekin eta deportatuekin batera".

"Ongi goaz"
Bide horretan izandako aurrerapausoak nabarmendu zituzten deitzaileek manifestazio amaieran. "Aurrera goaz. Etapak betetzen goaz. Dudarik gabe nahi genukeen baino motelago, baina ongi goaz: aspaldi utzi genituen atzean urruntze politikak eta haiek eragiten zituzten eskubide urraketak; bakartze ziegak; lehen graduan mantentzea zigorrak bete arte; eta berriki, gainera, garaipen bat lortu dugu blokeoari eta krispazioari eusten tematzen direnen kontra: bukatu da betetako zigorrak aintzat ez hartzea. Bukatu da presoek jasan behar izan duten zentzugabekeria juridiko nagusietako bat. Gure aurpegietan iaz baino poz handiagoa ikusten da aurten. Eta hurrengo urtea are hobea izango da. Baina hobekuntza hori guztion lanaren araberakoa izanen da".

Izan ere, "batasunetik eta zuzenbidearen eta giza eskubideen aldeko konpromiso militantetik baizik ez diogu bukaera emango konfrontazioz eta sufrimenduz beteriko garaiari".

"Aitortza berdina"
Espetxe politika arrunta aplikatzea eskatu zuten beste behin, salbuespenezko neurriak etetea bidegabea delako "euskal presoen kontrako salbuespen neurriei eustea". Aitortza bera eskatu zuten indarkeria guztien biktimentzat. "Aitortza berdina exijitzen dugu segurtasun indarrek, estatu terrorismoak edo faxistek torturatu eta eraildako milaka pertsonarentzat, baita boterearen edo Guardia Zibilaren gehiegikeriak jasan dituztenentzat ere, haiek ez baitute aitortzarik. Gehiegikeria horien egileek, ordea, anonimotasuna eta inpunitatea bermatuta dituzte. Biktima horiek existitzen dira, eta ezkutatu egiten dituzte".

Bizumkada nazionala
"SARE, erakundeen diru laguntza oso gutxirekin lan egiten duen elkartea da, eta sare kideen laguntzen eta antolatzen ditugun ekitaldi eta manifestazioetan egiten ditugun diru-eskeen bidez egiten du aurrera", gogorarazi du Sarek. Lanean jarraitzeko baliabideak behar dituztenez, Bizumkada Nazionala ekimena abiarazi dute, "euskal gizarteari gure lana egiten jarraitu ahal izateko beharrezkoa den laguntza ekonomikoa eskatzeko". Urtarrilaren 14ra arte parte har dezakezue diru ekarpenak egiteko kanpaina honetan. Helbide honetan dituzue xehetasunak: sare.eus/bizumkada/


Sareren datozen deialdiak
Urtarrilak 31, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Deitzailea: Usurbilgo Sare.