Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik jakinarazi dutenez, "mobilizazio horiek Pentsio Sistema Publikoaren aurkako jazarpen- eta eraiste-estrategia, zein gure pentsioak izugarri murrizten zituzten erreformak aldatzea lortu zuten, hein batean bederen". Ordutik, "zazpi urte daramatzagu kalean lortutakoa ospatzen, lortzeke dauden oinarrizko aldarrikapenei kasu egin diezaieten eskatzen eta osasungintzan zein pentsioetan negozioa egitea helburu dutenen eraso berriak ekiditen".
Abiatu berri dugun urte berri honi begira, eskuartean dituzten erronken berri eman du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. "Aurtengo lehen sei hilabeteetan, premiazko eta ezinbesteko borroka dugu irabazteko. Pentsiodun guztiei gutxieneko pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatuko duten diru-sarrera nahikoak bermatzea, eta pentsioetan generoen arteko aldea murrizten laguntzea".
Sinadura bilketa
Testuinguru horretan, batetik, lau hilabeteko epealdia izango duen sinadura bilketari ekin zioten abenduaren 24an, Gasteizko Eusko Legebiltzarrean "erregistratutako Herri Ekimen Legegilearen alde eginez, bertan eztabaidatu eta bozkatzeko onartua izan dadin eskatzeko, hain zuzen ere. Mobilizazio hau, 2018an egindakoak bezain garrantzitsua da. Hamarnaka mila pertsonak proposamena sinatzea da gure asmoa, alderdi politiko bakar batek ere ez dezan proposamenaren aurka egin".
Nafarroan, bestalde, "gutxieneko pentsioaren osagarriari dagokionez, abenduaren 19an Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Legean egindako aldaketak positibotzat jotzen ditugu, 14 ordainsaritan 1.035 euroko osagarria bermatzen baitute, baina aldi berean, ez dira nahikoak. Zentzu horretan, hurrengo urratsa gutxieneko soldataren parekoa den gutxieneko pentsio batean kokatzen da".
Erronka hauen helmugara nola iritsi argi du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. "Badakigu nola lortu guri kasu egitea. Denok batera (gizonak, emakumeak, langileak, pentsiodunak, gazteak) lortuko dugu. Pentsioak eta soldata duinak, pentsioa eta gutxieneko soldata, bizi baldintza duinak eskuratzeko aukera emango digutenak. Orain!".