Joseba Larratxeren kartela, Donostiako danborraden iragarle

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 14a, 13:57

Sortzaile herrikideak eginiko kartela da 2025eko urtarrilaren 20ko Donostiako ospakizunak iragarriko dituena.

Danbor-joleak protagonista dituen kartel ofizialak iragarriko du, aurtengoan ate joka den urtarrilaren 20ko Donostiako ospakizun eguna. Euskarri hori albiste da gaurkoan, batetik, ezagutzera eman dutelako noski; bigarrenik, 44 urteren ostean kartel ofiziala egitea erabaki baitu Donostiako Udalak. Halako sorkuntza lan bat egin zen azkeneko urtea 1981. urtea izan zela jakinarazi du Gipuzkoako hiriburuko tokiko erakundeak. Baina albiste hau lerrootara badakarkigu, bereziki, kartelaren egileagatik da. Izan ere, Joseba Larratxe herrikideak sortu du albiste honi atxikia duzuen eta astearte honetan aurkezturiko euskarria. "Irudikatzen du seriotasuna, baina atzean ume baten irribarre pikaroa marraztu du, haur danborrada ordezkatzen", azaldu du Donostiako alkate Eneko Goiak.

Gobernu batzordearen osteko bileran aurkeztu dute Goiak berak eta kultura, euskara eta turismo arloko zinegotzi Jon Insaustik urtarrilaren 20ko ospakizunak iragarriko dituen kartel ofiziala.

Hiriko ondarearen baitan
Azaldu dutenez, 1981era arte bizirik egondako ohitura berreskuratu nahi izan dute. 2023an San Telmo Museoan eginiko erakusketa baten harira hartu zuten erabakia, Donostiako Udaleko ordezkariek jakinarazi dutenez. Izan ere bertan, duela mende bateko hiriburuko iruditeria ikusgai jarri zuten. Une hartan, "ikusi genuen, nola garai hartako ilustratzaileek eta sortzaileek ekarpen handia egiten zioten hiriko hitzordu handiei".

Irudiok hiri-ondare gisa gordeak ditu Udalak. Horren harira, "galdetu diogu gure buruari, guk agian ehun urte barrukoei utzi beharko diegu ondare bat geure hirian". Gogoeta hartatik erabaki zuten Donostiako urteko ospakizun nagusiak "bertako, tokiko ilustratzaileekin irudiz, marrazkiz sinbolizatzea". Hala egiten hasiak dira, Aste Nagusiarekin, estropadekin edota San Tomas azokarekin. "Iruditzen zitzaigun ere ohitura polita bazela" gauza bera egitea urtarrilaren 20ko ospakizunekin; "danborradari urtero irudi bat eskaintzea. Kasu honetan, garai bakoitzari dagokion ilustratzaileak eta sortzaileak haien ekarpena egitea eta etorkizunerako hau guztia gordeta izatea", Insaustik azaldu duenez.

Era berean, danborrada egunak izan duen bilakaeraren adierazle ere bada kartel ofiziala sortzeko ohitura hau berreskuratzea. Azkenekoz halako euskarri bat plazaratu zuten 1981. urtean, 23 helduen danborrada talde eta haurren beste 24 talde izan ziren ospakizunetan. Egun, helduen 167 talde eta haurren beste 45 kaleratzen dira.


Pantaila erraldoia
Kartela ofiziala kaleratzeko ohitura berreskuratzearekin batera, beste aldaketa baten berri ere eman dute kartela aurkezteko Donostiako Udalak gaur deitutako agerraldian. Izan ere, urtarrilaren 20ko hasierako eta amaierako ekitaldia nahiz haurren danborrada hiriburuko kaian jarritako pantaila erraldoi batetik ere zuzenean jarraitu ahalko da. EITB-rekin lankidetzan sustaturiko ekimen horren baitan, ETB-ren zuzeneko seinalea da eskainiko dutena pantaila horretan eta horren bidez, "festa hedatu eta gozatzeko alternatibak eskaintzea" dute xede nagusi.