Urtarrilaren 25ean

Aurrekaririk gabeko Odolaren Mintzoaren agur festarako sarrerak erosteko deia

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 14a, 14:50

Hemezortzi urteko ibilbidea agurtuko du Odolaren Mintzoa talde usurbildarrak, herriko sorkuntza oholtzaratuko duen  urtarrilaren 25eko "Azkenak" jaialdi berezian. Usurbilen aurrekaririk ez duen hitzordu honetarako sarrerak garaiz eskuratzeko deia egin dute.

Jaialdi bakarra herri mailan. Halakorik egin denaren aurrekari ezagunik ez da Usurbilen. Izan ere, ia hamabi orduko kontzertu gauaren baitan agurtuko du Odolaren Mintzoa talde usurbildarrak hemezortzi urteko ibilbidea. Herriko musika sorkuntza oholtza gainera eramango du etenik izango ez duen jaialdiak. Agurtuko duten taldetik zenbait xehetasun aurreratu dizkigute, segidan datorren egitarauarekin batera. 

Usurbilen inoiz gertatu ez bezala, bi oholtza izango dira frontoian, txandaka batean eta bestean emanaldiak etenik gabe eskaini daitezen. Horrez gain, txozna solidarioa izango da. Bertan kontsumitutakotik jasotakoa, gazte antolakundearen jardunagatik isundutako Ernaiko 133 kideek abiarazitako auzibidera bideratuko dute. 

Egun osoko festa
Jaialdia halere, lehenago hasiko da, eguerdian Fanfarrikant taldekoen itzulerarekin. Segidan, bazkaritan bilduko dira, gaueko jaialdiko musikariak, Odolaren Mintzoak bidelagun izan dituen senide eta lagunak, zaletuak eta nahi duen oro. Ekitalditxo batekin emango diote hasiera. Bazkaloste musikatua izango dute gero, une hau ere herri sorkuntzaz blaitua izango da. Hain zuzen, eguerditik goizaldera, herriko hamar musika taldeek girotuko dute Odolaren Mintzoaren "Azkenak" jaialdia. Aurrekaririk ez duen egun berezi eta bakar honetarako sarrerak erosteko deia egin dute antolatzaileek.


Lau diska
Orion eta Galizan eskaini zituen Odolaren Mintzoa taldeak aurreko hilabeteetan, bere agur birako hiru kontzertuetan lehenengo biak. Azkena, aipatu moduan, sorterrian, Usurbilen eskainiko dute urtarrilaren 25eko jaialdiaren baitan. Sare sozialen bidez iragarri zuten haien agurra. "Hasi eta bukatu egiten diren gauzen multzo horretan dago maitasuna" zioen abesti zahar batek. 18 urteren ostean heldu zaigu agur esateko ordua. Baina aurretik, elkarrekin ospatuko dugu bidai zoragarri honen amaiera”.

2007an osaturiko taldeak kontzertu eta bizipen andana bildu ditu urteotako ibilbideetan, hainbat sortze lan argitaratzearekin batera:
-2022: "Hauskor".
-2017: "Etsipenaren aurka".
-2014: "Elkar Estudioa Sesioak".
-2013: "Odolaren Mintzoa".

Sorreratik agurrera, jatorrizko laukotea mantendu du Odolaren Mintzoak: Taldea sortu zen herri berean desegingo da urte hasiera honetan, Usurbilen bertan eskainiko duten jaialdiarekin.

Odolaren Mintzoa: "Azkenak" agur jaialdia
Eguna: urtarrilak 25, larunbata.

Egitaraua:
Bazkalaurretik, Elektropapo herria girotzen.
13:30 Ekitaldia eta bazkaria Agerialdeko jantokian.
Ondoren, Anuk eta Elene.
17:30 Kontzertuak frontoian: Viafara, Hysteria, Zaparra, Mihise, Txiskeroak, Ameba, Rukula, Odolaren Mintzoa, Dj Jotatxo.
Bitartean, Ernairen aldeko txozna solidarioa.

Sarrerak eskuragarri: Aitzagan eta Txirristra tabernan nahiz usurbilkultura.eus plataforman.
Prezioak:
-Kontzertuetarako sarrera: 10 euro.
-Kontzertuetarako eta bazkarirako sarrera: 25 euro.