Otsailaren 9an

Usurbilen emango diote hasiera, 9. Gipuzkoako Orientazio Ligari

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 15a, 11:47

Usurbil izango du abiapuntu otsailaren 9an, Gipuzkoako 9. Orientazio Ligak. Izena emateko epealdia zabalik duzue.

Orientazio kirol proba bat izango dugu otsailaren 9an Usurbilen. Izan ere, alor horretan eragiten diharduen Gipuzkoako Orientazio Taldeak herrialde mailako Orientazio Ligaren bederatzigarren edizioa antolatu du. Guztira, sei proba jokatuko dira otsailean hasi eta azarora bitarte, Gipuzkoako beste hainbeste tokietan. Ligari ekiteko abiapuntu gisa Usurbil hautatu dute.

"Orientazio proba bat, mapa batean adierazitako ibilbide bat, naturan jarritako balizak bilatuz egitean datza", Gipuzkoako Orientazio Taldearen esanetan. Hala, "parte hartzaile bakoitzak, mapa bat eta kontrol txartel bat izango du, bertan baliza bakoitza zulatu beharko delarik".

Proba abiatutakoan, "parte hartzaile bakoitzak, maparen laguntzarekin, lehen baliza bilatu beharko du, eta behin topatutakoan, balizako pintzarekin zulatu beharko da, kontrol txartelean. (Baliza bakoitzak zulatu ezberdina dauka, eta ondorioz, antolaketak ziurta dezake baliza orotan izan dela parte hartzailea)". Ibilbide horretan zehar,  "parte hartzaileak antolaketak ezarritako ordenean bilatu beharko ditu balizak, eta behin azkenekoa bilatutakoan, helmugatik pasako da (bertan izango da azken baliza) kontrol txartela emanez".

Hiru ibilbide aukeran
Usurbilgo orientazio proba, Gipuzkoa mailako ligaren bederatzigarren edizioari hasiera emango diona, otsailaren 9an jokatuko da aipatu moduan, igande goizez. Zailtasun maila ezberdineko hiru ibilbide izango dituzte aukeran parte hartzaileek. "Lasteketa ingurune urbanoan zehar jokatuko da batez ere, baina, noizbehinka, parke edo baso txikiren batetik pasako da", ohartarazi dute antolatzaileek.

Ibilbideari dagokionean, berrikuntza bat ere iragarri dute Gipuzkoako Orientazio Taldetik. Izan ere, "Usurbilen herri barruko orientaziorako mapa berria estreinatuko dugu, Ricardo García Dengrak 2024an kartografiatua".

Ingurunea errespetatzea "gure kirolaren lehentasunezko araua da!", gogorarazi dute. Honenbestez, "derrigorrezkoa izango da herri osoan dauden paperontziak erabiltzea eta hiri ingurua, parkeak edo berdeguneak ez kaltetzea. Era berean, hiri elementu guztien erabilera arduratsua egin beharko da".

Irteerak, bi orduko tartean
Askatasuna plazatik abiatuko dira, lehiaketa gunea gertu egongo da. "Irteerak modu mailakatuan emango dira, parte-hartzaileak bi minutuz behin aterako direlarik".

Antolatzaileek ohartarazi dutenez, "lasterketa hasteko, ez da beharrezko izango bertan egotea goizeko 10:00etako. Nahikoa izango da irten nahi den ordua baino minutu batzuk lehenago lehiaketa gunera azaltzea". 10:00-12:00 artean abiatu beharko dute parte hartzaileek Askatasuna plazatik.


Gipuzkoako 9. Orientazio Liga
Otsailak 9, igandea
09:30 Harrera gunearen irekiera Askatasuna plazan.
10:00 Lehen irteerak.
12:00 Azken irteerak.
14:00 Helmuga itxiera.
Irteera: Askatasuna plaza.
Lehiaketa gunea: Usurbilgo herri gunea.
Ibilbide motak:
-Gorria: teknikoa eta sasoi onean egotea eskatuko du.
-Laranja: ez hain teknikoa, baina orientatzeko ezagutzak eduki beharko dira.
-Horia: hasiberrientzat eta familientzat.
Izen-ematea: banaka nahiz taldekakoak, otsailaren 6ko gaueko 22:00ak arte, eu.deporticket.com helbidean.
Informazio gehiago: info@gotorientazioa.org / gotorientazioa.org
Antolatzailea: Gipuzkoako Orientazio Taldea.
Laguntzailea:
Usurbilgo Udala.