50 urte

Usurbilgo odol-emaileen elkartearen 50. urtemuga bazkarirako lekua hartzeko aukera

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 15a, 09:44

Urtarrilaren 26an elkartuko dira mende erdia ospatzeko bazkaritarako Artzabalen. Hainbat odol emanaldi izandako zortzi herrikide omenduko dituzte hitzordu horretan.

50 urte bete ditu Usurbilgo Odol-Emaileen Elkarteak eta ospatzera doaz. Aste hasieran izandako odol-ematearen eta Sutegin erakusketa egokitu ostean, mende erdiko ospakizun ekitaldira begira dira aipatu herri bilguneko kideak. Izan ere, urtero moduan, bazkaria antolatu dute. Herriko jatetxeetan txandaka leku batean eta gero bestean antolatzen duten otordua, oraingo honetan Artzabalen egingo dute.

Bazkaritarako izena urtarrilaren 20a baino lehen eman beharko da, segidan dituzuen bi telefono zenbakietako batera deituta. Aurtengoa, herriko odol-emaileen elkarteak  50 urte bete berritan egingo dute hilaren 26an. Hitzordua, urtero moduan, odola 25, 40 eta 60 aldiz eman dutenak eskertu eta omentzeko baliatuko dute. Zortzi izango dira aurtengo herrikide omenduak.

"Milaka bizitza salbatu ditugu"
Bazkaria egingo den urtarrileko azken igande horretara arte, ikusgai izango duzue Sutegiko erakusleihoan, 50. urtemugaren harira Usurbilgo Odol-Emaileen Elkarteak antolaturiko erakusketa. Bertan, odol-emateei buruzko datu bilduma, odola ematearen garrantzia eta odola emateko baldintzak nabarmentzen dituen xehetasunak ikusgai izango dituzue.


Odol-emaileen elkarteak 50 urte
Urtarrilaren 26ra arte
Erakusketa Sutegin.

Urtarrilak 26, igandea
14:00 Bazkaria eta odol-emaileentzako oroigarrien banaketa Artzabalen. Izen-ematea, urtarrilaren 20a baino lehen, bi telefono zenbakiotako batean: 943 363 102 (Agustina) / 619 125 644 (Mari Jose). Prezioa: 32 euro.

Martxoak 3, astelehena
16:30-20:10 Odol-ematea Udarregi ikastolako erdiko aretoan. Odola emateko bete beharreko baldintzak:
-Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.

Informazio gehiagorako: donantesdesangre.eus

Antolatzailea: Usurbilgo Odol-Emaileen Elkartea.