Lagunarteko jaialdi gisa definitu daiteke urtarrilaren 25eko hitzordua?
Odolaren Mintzoa agurtzeko Usurbilgo musikagintzaren festa eguna izango da. Hamar talde ariko gara guztira, goizetik gauera. Usurbilgo sorkuntzaren erakustaldia izango da. Gurekin badoa belaunaldi bat, baina gazte belaunaldi indartsua dator. Ilusioa egiten digu horrek.
Noiz eta nolatan erabaki zenuten agur esatea?
Azken diskaren aurretik uzteko tentazioa izan genuen. Horren ostean, entseatu gabe denbora generaman, kontzertu gutxiago genituen. Ez gara talde profesionala izan, bakoitzak bere bizimodua du. Disko bat atera eta esperotako adina kontzertu ez ziren ateratzen. Kantu zerrenda berarekin ari ginen, inertzia horri tiraka. Inertzia ere geratzen joaten da marruskadurarekin eta gelditu egin gara. Ibilbideak honaino eman du. Naturalki gertaturiko zerbait izan da. Pozgarria da, ziklo hau ondo ixten jakin izan dugula ikustea.
14-15 urterekin hasi zineten. Laguntasuna izan zuen abiapuntu Odolaren Mintzoak?
Lukenen etxabean hasi ginen entseatzen. Ordu asko sartzen genituen ilusio guztiarekin. Lokala polita zen, Negu Gorriak taldeak bertan entseatzen zuen bere garaian eta haien kartelez josia zegoen. Horrek ere bere epikotasuna ematen zion tokiari. Hor hasi ginen kantak sortzen, bertsioak jotzen. Estreinakoz, Udarregi ikastolan, inauterietan eskaini genuen lehen emanaldia. Polita izan zen. Bazkalosteko festarako punkiz eta rockeroz mozorrotzeko ideia atera zen. Gero, lehen kontzertua 2007ko Santueneko festetan eskaini genuen.
Hasieratik zuen kantak sortzen hasi zineten.
Nahiko hasieratik. Santueneko kontzerturako bi kanta eginak genituen. Bertsioak egiten hasi ginen arren, behin gure kantak sortzen hasitakoan, talde erabat sortzailea izan gara.
Santuenea aipatu duzue, herriko festen biran hasi zineten kontzertuekin?
Lehen proposamena Santueneko festen antolakuntzatik jaso genuen. Gero, bigarrena Añorgako gaztetxetik. Pare bat kanta jo genituen bertan eta ekipoa izorratu zen. Hara, instrumentuak eskutan hartu eta autobusez joan ginen. Itzulera, parrandara joandakoekin egin genuen, instrumentuak haien ibilgailuetan sartuta.
Zuen sorkuntza lanek nola irudikatzen dute taldearen bilakaera?
2008, 2013, 2017 eta 2022a izan ziren disko urteak. Maketak ilusioa eta esperimentazioa irudikatzen ditu. Lehen diska atera genuenean, hor indar handia jarri genuen. Talde izaera nabarmendu zuen. Gerokoak heldutasuna irudikatuko luke.
Zuen ibilbidean, hainbat talde desagertzen eta sortzen ikusiko zenituzten?
Pentsa, 18-35 urte arte inguruan beti bada Odolaren Mintzoa zalerik egun eta izan direnak. Askok ez dute ulertzen 18 urteetan kaleratutako disken artean hainbesteko tartea egotea. Lukenen etxabetik, egungo Haur Eskolako eraikinera joan ginen baina han ez zen lekurik eta Harane gaineko lokalean segi genuen. "Kalexar records" diska mitiko hura atera zen garaian, hor zeuden Mendeku Itxua, Despervicio, Epok, Insitu,… Hori da gure aurreko belaunaldia. Guk, Rukula, Natali, Hotzikara edota Mendeku Itxuarekin egokitu ginen askotan. Desperviciorekin ere jo izan genuen lehen urteetan. Gerora sortu ziren Zaparra, Iñorkiñak eta azken urteotakoak dira Viafara, Ameba… Zenbat talde! Lekukoak izan gara Usurbilen zer nolako musika mugimendua egon den urteetan zehar, indartu eta aberastu dena. Zortea izan dugu, urteetan bizirik mantentzearen ondorioz, partekatu dugulako oholtza herriko talde oso desberdinekin, belaunaldi ezberdinekin. Pentsa, Sen taldearekin bitan jo genuen eta gure agurreko jaialdirako Txiskeroak agertu dira.
Gaztetxe ugari ezagututakoak zarete.
Txokoaldeko Akerran, Usurbilgoan, Añorgakoan... Gaztetxeen bueltan askotan jo izan dugu, askotariko leku txiki eta modu askotan. Otarteko asko jandakoak gara, xoxik ikusi gabe. Talde askorekin jo izan dugu. Ia Euskal Herriko lurralde guztietan izan gara. Maketa lehiaketetan parte hartu dugu, finalera heldu ere bai.
Garaian garaiko testuingurura lotuak egon zarete, azkeneko bi diskak adibide ederrak ezta?
Odolaren Mintzoaren kasuan soilik ez, orohar, kultur sorkuntza beti dago garaian garaiko testuinguru sozialari lotua. Betiko bi inspirazio iturri ditugu: pertsonen arteko maitasuna eta herriarekikoa. Bi gai horiek landu ditu Odolaren Mintzoak. Gai lokalak ere bai, erraustegiaren borrokan genbiltzan garaian, Minabizi abestiarekin egin bezala. "Hauskor" azken lanean, gai orokorragoak, barrura begirakoak ere txertatu genituen. Hor dago, "Dos pueblos una voz" herrien arteko elkartasunari lotutako kanta oso berezia, gertaera historiko bati lotutakoa.
Zuen azken laneko azken abestia “Azkenak”. Despedida kutsukoa zen?
2022an atera genuenean galdetu ziguten ea despedidakoa ote zen. Asmoa ez zen hori. Baina ondo etorri zaigu azkeneko jaialdi hau promozionatzeko. Azken single bezala, hor geratuko da. Bere garaian, kanta asko izaten genituen, aukeraketa egin behar izaten genuen. Orain, azken kontzerturako prestaketetan, urteetan jo gabeko kanta batzuk berreskuratzen ari gara. Abesti batzuk arrotzak zaizkigu.
Sorkuntza eta kontsumo moduen aldaketa sakona ezagutu duzue baita urteotan.
Digitalizazioa ezagutu dugu. Diska mistoak egindako garaia ezagutu dugu. Gaur egun, famatuen zerrendak entzuten ditu jendeak. Lehen, diskoari entzuteko bere denbora ematen zitzaion; gaur egun, horretarako pazientzia gutxiago dago. Kantuak ez dira proiektu baten parte gisa entzuten, abesti solte moduan eta ibilbide oso laburra izaten dute. Instrumentuz betea egotetik haien presentzia falta izatera igarotako oholtza gaina ezagutu dugu baita. Orain, norberak etxean bertan sor dezake abesti bat. Gu hasi ginenean mugikorrik ez genuen, entsegu batean kanta bat sortzen hasi eta hurrengorako ahazten bagenuen akabo. Baliabide gehiago daude egun taldea sortzeko, kontzertuak lotzeko. Euskal musika estilo aldetik ere ikaragarri aberastu da. Aldarrikatu behar da, Usurbil oso herri rockeroa dela. Kilometro karratuko ez dakigu halako hainbeste talde izango dituen Euskal Herriko beste herriren batek. Rock ikuspegi hori herrian, bereziki emakumeen artean zabaltzen Zumartetik, besteren artean Ixakek eginiko lana nabarmendu behar da.
Itxiera nori eskaini nahi diozue?
Lehenbizi, Kaki Arkarazori, beti hor egon da. Baita Martxel Arkarazori, garai batean asko lagundu zigun. Pako Agudori ere bai, etapa polita bizi izan genuen berarekin eta babes handia eman zigun Galizara joan ginenean. Musika irakasle guztiei besarkada bat hemendik. Eskerrak hasieran lagundu ziguten guztiei, diskoetako diseinatzaileari, bideoklipekin lagundu gaituztenei, Udalari entseatzeko emandako erraztasunengatik, jai batzorde eta gaztetxeetako antolatzaile guztiei, etxekoei, lagunei, beti egon dira hor animatzen. Eta azken jaialdi honen antolakuntza lanetan lagundu gaituztenei ere eskerrak. Lan-taldea osatu dugu. Bazkaria Aitzaga elkarteko lagunek prestatuko dute. Gaueko txosna Ernaik jarriko du. Kontzertua antolatzen ere Iñaki Irazusta eta Mattin Iribar izan ditugu.