NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia

"Itzal(iko) bagina", bertsoa oinarri duen antzerki ikuskizuna otsailaren 2an

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 17a, 10:47

Bertsoa oinarri izan arren, bertsolaritzatik haratago, auzi sozialetara jauzi egiten duen "Itzal(iko) bagina" antzezlana programatu du NOAUA! Kultur Elkarteak otsailaren 2an Sutegin.

Bertsoa oinarri duen emanaldia, baina bertsolaritzatik "auzi sozialetara" jauzi egiten duen ikuskizuna dakar NOAUA! Kultur Elkarteak, bigarren urtez segidan, azarotik otsailera aurreratu duen Kulturaldiak; "Itzal(iko) bagina" izenekoa, "bertsoa oinarritzat duen antzerki ikuskizuna" hain zuzen.

Bizkaiko Bertso Munduko Emakumeen Topaketetako bazkarian du jatorria sorkuntza lan honek. Bertan, "ondoan tokatu ziren Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga bertsolariak", ikuskizuneko hiru protagonistak, bertsoa.eus atarian irakurri ahal izan dugunez. Otordu hartan, "euren ezin egonei buruz hitz egiten hasi eta zerbait sortzeko gogoa piztu zitzaien. Lokatz Loreak kolektiboaren sorrera etorri zen hortik, ondoren Friki saioak" eta iaz estreinaturiko "Itzal(iko) bagina, bertsoa oinarri duen ikuskizuna". NOAUA! K.E.-ren eskutik otsailaren 2an 18:00etan Sutegiko auditorioan ikusi ahalko duzuena.

"Itzalek leku garrantzitsua"
"Bere trama izaerak hiru pertsona(i) bertso munduko zein haien barne munduko bakardadetik kolektibora eramango ditu. Barruan dituzten itzalen eta kanpoko errealitatearen linboan elkar ikusten ikasiko dute".  Iraitz Lizarragak zuzenduriko sorkuntza lan honek "egungo sistema indibidualistari kritika egiteko asmoa du".  Lizarragaren "esperientziak, ekarpenak eta laguntzak antzerkira hurbildu ditu hiru bertsolari bizkaitarrak". Ildo horretan, "bertso munduan kokaturiko istorio bat izan arren, ez du bertsoaz hitz egiten, haratago doazen auzi sozialetara salto egin nahi du: generoa, osasun mentala, familia nuklearra, meritokrazia...".

Emanaldian zehar, "itzalek leku garrantzitsua hartuko dute. Izan ere, teladun hiru markoren atzean proiektatuko dira zenbait pasarte. Arropen eta argien koloreekin jolastuko da".

Sarrerak salgai
Otsailaren 2an 18:00etan Sutegiko auditorioan eskainiko dugun emanaldiaz gozatzeko sarrerak salgai dituzue jada 10 eurotan usurbilkultura.eus plataforman edota baita NOAUA! K.E.-ren egoitzan ere. NOAUA! K.E.-ren bazkideek 8 eurotan eskuratu ahalko dituzue kultur elkarte honen egoitzan.