NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia

Alex Telloren "Animo" lehen film luzearen estreinaldia otsailaren 7an

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 17a, 10:35

Telmo Irureta protagonista duen Alex Telloren estreinako film luzea dakar NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiak; besteak beste, Usurbilen grabaturiko ikus-entzunezkoa izango dena. Lehen aldiz, Sutegin proiektatuko du Tellok otsailaren 7an.

Film labur bat, denborarekin film luzean bilakatua. Alex Tello Arostegik sortu eta zuzenduriko estreinako ikus-entzunezkoa dakar, bigarren urtez azarotik otsailera aurreratu den NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiak. 2017an hasi zen ontzen "Animo" izeneko metraje luzeko film hau, "Azken Muxua" izeneko film laburrarekin. Telmo Irureta du protagonista nagusi, Aitor izango da filmean. Bere "interpretazioak inklusioari beste buelta bat ematen dio bertan. Familia, homosexualitatea eta eguneroko hainbat egoera ikuslearentzako identifikagarriak gertatuko dira".

Hala dio sinopsiak. "Aitor etsirik eta Leire kezkaturik. Mirenek ez du loturarik. Itxasok badu kanta berririk, aldiz, Amets dabil isilik. Hemen inork ez du barre egiteko motiborik. Bizitzaren aurrean, ihesbideak baino, aukeran hobe heldulekuak izatea". Film luze honen trailerra albiste honi atxikitako bideoan duzue. Besteak beste, Usurbilen grabatu zen eta usurbildarren laguntza izan du sorkuntza prozesuan zehar.

Izan ere, arte eszenikoen alorrean ezagunak diren hainbat aurpegi ezagunek, tartean herritarrek parte hartzen dute Telloren sorkuntza lan honetan. Aipatu moduan, Telmo Irureta da protagonista. Berarekin ageri dira, Mikel Ibarguren, Amaia Ruiz de Galarreta, Natali Izagirre, Ion Martinez, Dorleta Urretabizkaia, Aitziber Garmendia, Asier Hernandez, Klara Badiola, Elena Irureta, Gurutze Eizmendi, Jontxu Martinez Zarrabeitia, Jose Ramon Soroiz, Mikel Larrañaga, Saioa Royo, Maren Aranburu eta Xuhar Aranburu.

Herrikideak lantaldean
Gidoiaz, ekoizpenaz eta film hau zuzentzeaz arduratu da aipatu moduan, Alex Tello Arostegi. Juantxo Sardon izan da argazki zuzendaria, edizioaz arduratu dira Asier Pujol, Isa F. de Agirre eta Nahikari Arias, Jone Gabarain makillajeaz, Lander Llorens eta Manuel Rodriguez zuzeneko soinuaz, Xabier Sagasta marrazkiez, Haimar Olaskoaga soinu edizioaz, Xabier Zabala musikaz, Mikel Aranzabal, Ixak Arruti eta STG abestiez, Ion Martinez Txikiren bakarrizketaren gidoiaz eta Iban Toledo trailerraz.

"Animo" Sutegiko auditorioan proiektatuko du NOAUA! Kultur Elkarteak otsailaren 7an 19:00etan. Emanaldirako sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena eskuratu beharko da bideotatik; usurbilkultura.eus plataforman edo NOAUA! K.E.-ren egoitzan.