Zenbait herri-bideren itxiera, garbiketa lanak egiteko

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 20a, 13:02

Garbiketa lanak egiteko zenbait herri-bide itxi egingo dituztela berri eman du Usurbilgo Udalak.

Zenbait herri-bideetan garbiketa lanak egitera doazela berri eman du Usurbilgo Udalak. Astelehen honetan bertan, urtarrilaren 20an ekingo diete zeregin horiei. Udal brigadak eta Behemendik bideraturiko lan hauek txandaka bideratuko dituzte gaurtik hasita, hiru guneotan; "Aginagatik Arraterako bidean, Santuenetik Amirira bidean eta Maskolaitz-Igarako bidean", Udalak berri eman duenez. Lanok egin artean, bideok itxita egongo dira.

Astelehen honetatik
Maskolaitz-Igara bidean abiaraziko dituzte garbiketa lanok astelehen goiz honetan, 8:00etan. Lan horien ondorioz, "itxita egongo da Maskolaitz-Igara bidea". Lanok egingo dituzten artean, aipatu moduan, ibilgailuen joan-etorrirako itxita egongo da pasabide hori baina "lanak egiten diren bitartean, Usurbil-Igara bidea egiteko Errikoetxe baserritik igarotzen den herri-bidea erabili ahal izango da".

Lanok amaituta ekingo diote Aginagako eta Santueneko aipatu herri-bideetako garbiketari. "Eremu bakoitza garbitzeko zenbat denbora beharko duten zehaztu ezin bada ere, garbiketak txandaka egingo dira, eremuz eremu, eta lanak hasterako seinaleak jarrita izango dira", Udalak ohartarazi duenez.

Garbiketa lan guztion helburua, "herri-bideak estaltzen dituzten bide bazterretako zuhaitzen adarrak moztea" izango da, "segurtasuna bermatzeko".