Odola emateko deia

Noaua Aldizkaria 2025ko urt. 20a, 07:52

Oraingo honetan Usurbilgo Odol Emaileen Elkartea ez, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila eta Osakidetza dira odola ematera deitu dutenak.

50 urte bete dituen Usurbilgo Odol Emaileen Elkartetik bi hilean behin egiten dute guztiok beharrezkoa dugun odola emateko deia. Duela astebete, urtarrilaren 13an antolatu zuten 2025eko lehen emanaldia, hurrengoa martxoaren 3an egokituko da. Baina lehenago ere odola beharko dela ohartarazi dute Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak. "Odol-osagaien erreserba-mailak ohiko mugetatik behera daude, eta egoera horri eragiten dio, gainera, urtaro honetan izaten den birus eta arnas infekzioen hazkundeak", berri eman dute. Ondorioz, "ia odol-talde guztietan hobetu behar dira erreserbak", ohartarazi dute.

Testuinguru honetan, "Osasun Sailak eta Osakidetzak laguntza eskatu diete noizbait odola eman duten pertsonei, baita urratsa ematea pentsatu baina oraindik egin ez dutenei ere, behar duten paziente guztiei arreta medikoa bermatzeko". Gogorarazi dutenez, "odola ematea da Euskadin egunero 200 pertsona ingururen bizi-tratamendurako funtsezko osagaiak eta sendagaiak lortzeko modu bakarra”. Odola emanda, "dozenaka pertsonari lagundu ahal zaie, odola hainbat osagaitan banatzen baita, eta, osagai horien bidez, hainbat behar mediko artatzen baitira: tratamendu onkologikoak, ebakuntza kirurgikoak edo larrialdiak, eta paziente akutuentzako eta kronikoentzako sendagaiak".

Iaz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako 79.032 odol emateen onuradun izan ziren 30.000  pertsona baino gehiago, "bizitza salbatzeko edo osasuna hobetzeko balio izan zietenak".

Honatx odola emateko bete beharreko baldintza nagusiak:
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.

Odola Usurbilen martxoaren 3an eman ahalko da. Lehenago non eman daitekeen ikusteko, web orrialde honetan kontsulta daiteke: donantesdesangre.eus/eu