Ehunka txirrindulari elkartuko dira igande honetan, urtarrilaren 26an Usurbilen, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen proban parte hartzeko. Andatzari itzulia eman ahalko diote bizikleta gainean. Bi ibilbide izango dituzte aukeran. Horretan hain zuzen, aritu dira asteburuan. Atzo, hilaren 19an, ekimen honen hamahirugarren edizioko ibilbidea ezagutzen izan ziren parte hartzaileak.
500 lagunentzako tokia
Prestaketa lanen azken txanpan dira urtarrilaren 26ko Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probako antolatzaileak. Izena emateko deia egin diete parte hartu asmo dutenei, horretarako mugi daitezela adierazi dute sare sozialen bidez. "Zeren zain zaude izena emateko? Gogoratu, urtarrilaren 23an itxiko direla izen emateak" eta nabarmendu dutenez, urtero heltzen direla 500 lagun apuntatzera, gehienezko parte hartzaile kopurura.
Ekimenean parte hartzeak eginiko ekarpena nabarmendu dute antolatzaileek. "Andatza mendiaz disfrutatzea, prestatutako ibilbideaz disfrutatzea, laguntzaileek emandako produktuak dastatzea, laguntzaileek emandako produktuen zozketan parte hartzea (deskontu bonoak, arropa, bazkariak...). Txalekoa ere parte hartzaile guztiek izango duzue eta garrantzitsuena: izaten dugun giro paregabeaz gozatzea!", nabarmendu dute antolatzaileek.
Bi ibilbide aukeran
Izen emandakoek proba hau prestatzen ari direnek iragarritako bi ibilbideetako bat osatu ahalko dute hilaren 26an: bat motza izango da, bestea luzea. Motza, 23 kilometrokoa (+650 metro) eta luzea 32 kilometrokoa (+950 metro). "Motza, betiko moduan, denek disfrutatzeko modukoa. Luzea, teknikoagoa, igoera eta jaitsiera zailxeagoekin. Eta zuk, zein egingo duzu?", galdetu dute antolatzaileek sare sozialen bidez.
Antolatzaileek argitu dutenez, bestalde, bizikleta elektrikoarekin parte hartu ahalko da. Zeharkaldi horretan zehar, "anoa gune handi bat egongo da eta amaieran, frontoian beste bat" .
Izen-ematea zabalik
Gogoan izan, zabalik segiko du 2025eko Irisasi BTT Hotzak Akabatzen probarako izen-emateak urtarrilaren 23ra arte, 30 euroren truke kronoak.com atarian. Izena ematen dutenek txaleko bat jasoko dute opari.
Ohi bezala, parte hartzaileak goizeko 9:00etan abiatuko dira Mikel Laboa plazatik bizikleta gainean Andatzako itzulia egitera hilaren 26an. Antolatzaileek oroitarazi moduan, ekimen hau "zeharkaldi ez lehiakorra da. Bere helburu bakarra partaideek Andatza mendiaz eta ezaugarritzen gaituen giro ederraz disfrutatzea da".