Otsailaren 3tik 14ra izango da 2025-26 ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina. Testuingu horretan, urtero moduan, ate irekien eguna antolatu du Udarregi ikastolak larunbaterako, urtarrilaren 25erako. Bi saio antolatu dituzte; 10:00etan lehenengoa, 11:30etan bigarrena. "Agerialde eraikin parean (Alperroburu, 5. zk.) elkartuko gara. Bertan, ikastolako funtzionamendua
azalduko dugu eta ikastolan zehar ibiliko gara eraikuntza ikusiz (haurrekin etor zaitezkete).
Bertaratzeko interesa duenak, urtarrilaren 23a baino lehen, izena eman beharko du". Izena emateko formularioa osatu beharko dute. Informazio gehiago udarregi.eus bidez jaso ahalko da.
Bide batez, ikastolatik jakinarazi dutene, aurrematrikulazioa bideratzeko hitzordua aurrez eskatu beharko da, bideotatik:
usurbil@ikastola.eus
943 36 12 16
Egutegia
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 2025-26 ikasturterako matrikulazio kanpainari buruzko xehetasunak plazaratu zituen urtarrilaren 8ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez.
Bertan zehaztu zituen Jaurlaritzak, "Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren mendeko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 2025-2026ko ikasturtean izena emateko eskabideak aurkezteko egutegi komuna eta onarpen-epea, bai eta ikastetxe horietan ikasleak onartzeko jarraibideak ere".
Segidan duzue, eskaerak aurkeztu eta onartzeko prozesua zehazten duen egutegia. Bertan ikus daitekeen moduan, otsailaren 3an irekiko dute 2025-26 ikasturterako aurrematrikulazio epea.
Egutegia
-Urtarrilaren 31ra arte: Ikastetxeko Eskola Kontseiluak emandako puntuazioaren irizpideak zehaztea.
-Otsailaren 3tik 14ra: eskabideak eta egiaztagiriak aurkeztea.
-Otsailaren 14ra arte: eskabideak aldatu eta zuzentzea.
-Martxoaren 5a: eskatzaileen zerrenda argitaratzea (Martxoaren 13ra arte: kontsultak egitea eta erreklamazioak aurkeztea).
-Martxoaren 5a: onarpen-prozesuaren hasiera.
-Martxoaren 18a: behin-behineko zerrendak argitaratzea (Kontsulta: martxoaren 25era arte).
-Martxoaren 25era arte: behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak ikastetxeko Eskola Kontseiluan eta eskabidean atzera egitea.
-Apirilaren 15a: behin betiko zerrenden argitalpena (Kontsulta: maiatzaren 26ra arte).
-Apirilaren 25a: Hezkuntzako lurralde-ordezkariek esleitutako plazen zerrendak argitaratzea (Kontsulta: maiatzaren 26ra arte).
-Maiatzaren 26ra arte: behin betiko zerrendei eta lurralde-ordezkariak esleitutako lanpostuen zerrendei gora jotzeko errekurtsoak jartzea lurralde-ordezkariaren beraren aurrean.
-Maiatzaren 2tik 9ra: estatistika-datuak grabatzea. Halaber, irailean, Hezkuntza Saileko estatistika-unitateek adierazten dieten epean baliozkotu beharko dituzte matrikularen behin betiko estatistika-datuak, aplikazio informatikoan.
-Irailaren 12ra arte: itxarote-zerrendaren indarraldia, plazen erreserbaren iraunaldia eta ikasleak onartzen direla bermatzeko lurralde batzordeen indarraldia.