40. urtemuga ospatzeko ziklo betean da. Santa Zezili bezperako ekitaldien bueltan murgildu zen ospakizun aro honetan. Hilero ekimen berezi bat iragarria du uda atarira arte. Urtarrilari dagokionean, "Katedraletako meza" ikuskizuna programatu dute Zumartek eta Udalak urtarrilaren 24an, iluntzeko 19:00etan Salbatore elizan. Easo Gazte (zuzendaria: Gorka Miranda) eta Easo Kapera Gregorianista abesbatzek (Zuzendaria: Demetrio Esnaola) parte hartuko dute, Ana Belén García organo-jolearekin batera.
"2025ean 40 urte beteko ditu Zumarte Musika Eskolak. Hamaika ikastaro, emanaldi eta bizipen. Hauek denak oroitu eta omentzeko ekitaldi ugari izango dira 2025ean. Ekitaldi hauen barruan kokatzen da Easo Gazte eta Easo Kapera Gregorianista abesbatzen “Katedraletako meza” ikuskizuna", azaldu dute antolatzaileek.
Ekainean, urtemuga berezi horri gorazarre egiteko jaialdia iragarria dute.
40. urtemuga ospatzera
Hamaika trebakuntza saio, emanaldi, dinamika eta bizipen. Horiek denak oroitu eta omentzeko tartea hartuko du datozen hilabeteotan Zumarte Musika Eskolak. Izan ere, lau hamarkadako ibilbidea osatu du eta betetako berrogei urteak ospatzera doaz. Gorazarre urte honen abiapuntu gisa baliatu asmo zuten, haien egun handia, musikariena den hilaren 22ko Santa Zezili eguna, Sutegiko kontzertuarekin eta zikloa bertsotan abiatu zuten kalejirarekin.
Kanta hau abestuta ekin zieten musika eskolakoek ospakizun urte bereziari. Zereginotarako Zumarteren baitan osatu duten batzordetik NOAUA!ri jakinarazi diotenez, asmoa hilero ekimenen bat antolatzea da, ohi den moduan, musika eskolatik iragarri izan direnez gain. Ekainean ikasturtea agurtzeko antolatu ohi duten emanaldia, 2025ekoa 40. urtemuga jaialdian bilakatuko dute.
Tarte horretan, denetariko ekitaldiak tartekatu nahi dituzte, baina batez ere argi dute; kalean, herrian eta herriarekin ospatu nahi dute urteurren hau eta jai giroan. Musika ezinbesteko osagaia izango duten estilo eta formatu ezberdinetako ekitaldiei leku eman asmo diete, baina batez ere parte hartzaileak izatea sustatu nahi dute. Horretarako, lau hamarkada hauetan bidelagun izan dituzten lankide, ikasle eta gurasoak erakarri nahi dituzte, iraganekoak, egungoak eta etorkizunean Zumarteko kide izan daitezkeenak.
Prestaketetan
Irudia ere sortu diote urtemuga ziklo honi, kideetako batek Iñaki Zugastik landu duena. Dagoeneko ikusgarri egin dute musika eskolaren egoitza berrituaren balkoian. Hizki gorriz ageri den eskolaren izenari 40 zenbakia erantsi dio Zugastik.
Ekarpenak egin eta antolakuntza lanetan lagundu nahi dutenentzako oharra; batzorde hau asteazkenero biltzen da Zumarte Musika Eskolan bertan, beheko solairuan, ikastaroen gelan, arratsaldeko 17:30etan.